Indarkeriarik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2018ko api. 26a, 14:44

Espero baino hiru hilabete beranduago iritsi da 2016ko sanferminetako bortxaketaren epaia. Bistakoa zen Nafarroako Lurralde Auzitegiko aulkiak urduri ari zirela mugitzen euren lekuetan: presio sozial handia zeukaten indarkeria matxistaren aurka kontzientziatutako gizarte baten partetik; presio mediatiko izugarria, auzia azken tantaraino zukutu duten hedabideen partetik, eta barneko tentsio ugari, bistan denez. Gaur agerian geratu da tentsio horien jatorria gizarteak espero zuenetik oso urrun zegoela: hiru epailetik batek boto partikularra eman du, 20 urteko neska bat taldean bortxatu zuten bost gizonak absolbitzeko eskatuz. Beste biek jarri diete zigorra, fiskalak eskatu baino nabarmen arinagoa: bederatzi urteko espetxe zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta 50.000 euroko kalte-ordaina. Eztabaidagarriak dira zigorraren iraupena eta formatua, baina benetan iraingarria epaiaren argumentazioa da: ez du bortxaketa deliturik ikusi, “abusua" baizik. Desberdintasuna, lengoaia juridiko tranpatiaren arabera, biktimak jarritako erresistentzian datza: gizonek indarkeria fisikorik erabili ez zutenez euren zakilak neskaren gorputzean sartzeko -hori ez baita, nonbait, indarkeria-, ez zen bortxaketa izan, nahiz eta epaiak berak onartzen duen biktimaren oniritzirik gabe jardun zutela. Alegia: bortxatzeaz gain jipoitu ere egiten ez bazaituzte, ez dagoela indarkeriarik. Ez da togarik behar jakiteko oniritzirik gabe ekintza bera dela indarkeriazkoa, neskak bere espazioa inbadituta ikusi zuen unetik bertatik. Hori ulertzeko aski da edozein taberna zapaldu eta egunero gertatzen diren egoerak behatzea. Tamalez, ohikoegia da gizonek egiten dituzten delituak emakumeen jardunaren arabera neurtzea. Epai honen argumentazioarekin ere, erasoaren ardura neskaren gain utzi du auzitegiak: hark jarritako erresistentziaren arabera gertatuko baitzen bortxaketa deliturako behar den indarkeria hori. Ikuspegi miopea, injustua eta matxista da; eta are eskandalagarriagoa kontuan izanik herri honetan hitzak, keinuak eta txikikeriak ere zigortu izan direla indarkeriatzat jota. Baina indarkeria ere egiten -eta, batez ere, sufritzen- duenaren araberakoa da nonbait. Gero salatu behar dela esango dute, beti eskatu behar dela laguntza; baina, gaurkoa ikusita, agerian geratu da babesgabetasun juridiko hau bera ere badela indarkeria mota bat emakumeentzat.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide