Ez, ez dira animaliak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2017ko aza. 29a, 00:00

Bitxia da nola orokortzen diren metafora batzuk prentsan. Etorkinak uholdean etortzen dira, Margaret Thatcher burdinazkoa omen zen, eta iazko sanferminetan neska bat bortxatu zuten bost gizonak animalia saldoa dira zenbait erredaktoreren ustez. Lengoaia berbera errepikatzearen errepikatzeaz, iruditeria kolektiboan iltzatuta geratu da lotura: migrazioa natur hondamendi bat da; emakume boteretsua, makina beldurgarri modukoa; eta bortxatzaileak, animaliak. Izaki irrazionalak dira guztiak; ez gizatiarrak.

Gaitzesten den hura deshumanizatuz, errazagoa da hura norberarengandik aldentzea. Deshumanizazioak justifikazio erosoa eskaintzen du: neurri batean, azalpen onargarri bat ematen dio ezohiko gisa sailkatu nahi den horri -irrazionala eta inhumanoa izan behar baitu pertsonak halako zerbait egiteko-.

Erosoagoa da hori pentsatzea, onartzea baino hari fin batek lotzen dituela Iruñeko akusatuen aulkian dauden bost gizonak eta joan den larunbatean inork eskatu gabe hurbildu eta inbaditu zintuen gizon hura. Edo sare sozialetan etengabe kasu egiteko eskatzen dizuna. Edo laneko elkarrizketa hartan goitik behera eta behetik gora begiratu zizuna, zu kikildu eta profesionaltasunik geratzen ez zitzaizula sentiarazteraino. Desberdintasuna da hariaren mutur bat telebistan ikusten dugula; bestea itsatsita daramagu noranahi, ohartu gabe.

Hari horri tira ordez, ezohikotasunaren narratiba bat ikusi dugu egunotan Iruñeko epaiketari buruzko albisteetan. Hango eta hemengo filtrazioetan oinarrituta, egoeraren erretratu esajeratua eskaini dute hainbat hedabidek: alde batean gaizkileak zeuden, animaliak, besterik espero ezin zitekeen horiek; beste muturrean, biktima, biktima rola baizik onartzen ez zitzaion hura.

Koadro horretan, inori ez zaio baimentzen normala izatea. Ezin da onartu animalia saldoa, egiaz, gizartean erabat txertatutako pertsonak direla; festan ari zirela bortxatu zutela neska, eta festan jarraitu zutela. Hala aitortuz gero, derrigor onartu behar litzateke indarkeria matxista gizartearen oinarri-oinarrian dagoen zerbait dela, eta espazio eta modu guztietan azaleratuko dela une oro aurre egiten ez diogun bitartean. Bestalde, biktimari ere ez zaio onartzen normaltasuna: bizitza arrunta badarama, sinesgarritasuna galtzen du, ez duelako behar bezainbeste sufritu. Erasoa da bere gurutzea une horretatik aurrera. Erasotzaileak inhumanoak dira, baina biktima ere ez da, nonbait, «gu bezalakoa».

Ustezko ezohikotasun horretan, errazagoa da eguneroko indarkerien normaltasuna ezkutatzea. Egiaz, ez dago sexu erasorik sufritu ez duen emakumerik: bakoitzak aise kontatuko lituzke dozena bat, inolako traumarik gabe. Tristeki, onartuta dauzkate gehienak; gehienez ere gau bateko haserrealdiarekin eta dagokion frustrazioarekin amaitu ohi dira. Indarkeria emakumeen bizitzetan dago: kalera irtetean eta etxera itzultzean. Baina hori ikusarazteak indarkeriaren omnipresentzia onartzea esan nahiko luke: emakumeentzat, espazio eta gizon guztiak izan daitezkeela arriskutsuak, gizarteak, besterik gabe, pribilegiozko toki batean jarri dituelako, eta haiek ez direlako handik jaitsi.

Horregatik hitz egiten da animalia saldoez, eta ez gizonez.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide