«Atentzioa emateko pentsatu dituzte irizpideak; laneko hizkuntza ez da aipatzen»

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2017ko aza. 16a, 00:00

Dekretu berriarekiko uzkur agertu da Administrazioan Euskaraz Taldea. «Alde handia dago udaletatik administrazio zentralera», adierazi du Joseba Otanok.

Zeintzuk dira dekretu berriak dakartzan aldaketa nagusiak?

Aldaketa gutxi dakartza. Eremu euskaldunean, legez dena egin behar da elebidun; hor aukera zegoen zirrikituren bat bilatzeko, baina ez dute egin. Ondorioz, Uemaren jarduna legez kanpokoa da dekretu honekin. Gainera, hizkuntz profilak jartzeko irizpideak zehaztu dituzte. Lehen ez zeuden, eta udalek nahi zutena egiten zuten; orain irizpideak jarrita daude, baina batez ere jendeari atentzioa emateko pentsatuta daude; lan hizkuntza ez da aipatzen. Ondorioz, udal askotan, hemendik aurrera atea irekitzen da postu batzuei helegitea jartzeko.

Beste bi eremuetan nola eragiten du?

Eremu mistoan, lehengo dekretuak esaten zuen dena gaztelaniaz egin behar zela, baina epaileek esan zuten hori legearen aurkakoa zela; dena egin behar zela gaztelaniaz, baina euskaraz ere egin zitekeela. Hori da epaileen interpretazioa. Orain dekretuak hori berresten du. Aldaketa, izatekotan, Nafarroako Gobernuak bere buruari jartzen diona da, zerbitzu zentraletatik dena ele biz egiteko. Eta hori ez dakit nola geratu den, baina sumatzen dut aukeran edo horrelako hitzak erabiliko dituztela; hala bada, ez dago aldaketarik. Lehen ere bazegoen aukera.

Diotenez, orain osasun arloko edo beste sektore publiko batzuetan postu gehiago eskainiko dira euskaraz.

Hori urtebete barru erabakiko dute, baina urtero egin dezakete lantalde organikoan. Proiektuan irakurri dudanez, aldaketa handiena eremu ez-euskaldunean dago: hor zehazten da udalek bi hizkuntza erabil ditzaketela, eta lanpostu batzuetan euskara eska dezaketela edo meritu moduan puntua dezaketela. Aukera moduan uzten dute. Eta lehen ez zegoen ezer araututa; teorian erabili zitekeen, baina orain idatziz jarriko dute.

Egoera prekarioenetan dauden guneetarako dekretua da?

Hori jarrita, nolabaiteko aurrerapena da. Lehen ere ez zegoen debekaturik espresuki, baina, tira, orain aukera moduan idatzita jarri badute, ea erabiltzen duten.

Nolako dekretua nahi zenuke?

Dekretuak zehaztu behar luke zenbat puntuatuko den euskara meritu gisa. Oposizio lehiaketetarako bakarrik zehazten du; horiek Osasunbidean erabiltzen dira, eta hor badago aldaketa bat: lehen puntuatzen zuen %1,2 eremu euskaldunean, eta orain %2,4 izango da. Leku aldaketetan gauza bera izango da.

Euskaldundutako funtzionarioak euskarazko lanpostuetan jartzea sustatuko da?

Euskarazko lanpostuak ez dira %1era iristen, irakasleak kenduta. Baina hori ez dute ukitu. Batzuek ikasi dute euskara, baina horiek batez ere jendeari arreta emateko erabiliko dute hizkuntza; idatziz, lanean, ez. Batzuek uste dute agian berregituratuko dutela administrazioa, pertsona horiek jendaurrean jartzeko, baina nik uste dut ez dutela egingo, protestak egongo direlako. Euskarazko ikastaroak ematen dizkiete funtzionarioei, baina UPNk ere ematen zituen. Gobernuaren deialdietan ez da saritzen euskara; udalenetan, bai, baina Nafarroa osorako deialdietan, ez. Nafarroa osoa eremu ez-euskalduna balitz bezala da.

Udalei autonomia handiagoa utzi behar litzaieke?

Eremu euskaldunean handia daukate jada; eremu mistoan, Nafarroako Gobernuan baino hobeto ari dira; eta eremu ez-euskaldunean ez daukate bermerik, eta ez dira ausartzen.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide