Semea jaiotzeko unean esango zioten, edo hilabete batzuk geroago, beharbada: bizitza osorako ezintasuna zekarrela, zaintza handia beharko zuela beti. Espero ez zuen rol berri batera ohitu beharko zuen amak, baina horrek ez zien galarazi behar bizitza zoriontsua izatea. Kalean elkarrekin ikusten zituzten beti: emakume txiki eta argala gurpil aulkiari bultzaka, gurutzatzen zituzten ezagunak agurtzen. Etxean ere biak bakarrik beti, biak elkarrekin eta bakarrik, beti kezka bera buruan: «Ni ez nagoenean, nork zainduko du?».
Igaro ziren hogei, berrogei, berrogeita hamar urte horrela, eta ez zen sekula irauli zaintzaren norabidea. Ama geroz eta amonago zegoen, baina umeak beti jarraitzen zuen ume izaten. Semeak 60 bete zituenean, amari gaitz larri bat diagnostikatu zioten, atzeraezinezkoa. Eta bizitza osoan arrastaka ekarritako galderak erantzun iluna baino ez zeukala ohartu zen.
Halako istorioren bat egon liteke joan den astean Bilboko etxebizitza batean topatu zituzten bi hilotzen atzean. Poliziaren lehen ikerketen arabera, litekeena da amak lehenbizi semea hil eta ondoren bere buruaz beste egin izana, ez zuelako beste irtenbiderik ikusten babesarekin jarraitzeko.