Publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 14a, 00:00

Ia oharkabean igaro zaigu albistea orriotan: Gasteizko ikastetxe publiko batek ohiko gelatik banarazita dauka hamar urteko neskato bat. Horraino arazoa. Orain arrazoia: ikastetxearen barruko araudiak debekatu egiten du buruan jantziak eramatea. Edozein jantzi. Eta neskatoak zapi bat eraman ohi du. Islamarekin lotu ohi dugun hori. Baina ikastetxea publikoa denez, inor ez da ausartzen esatera araudia fede musulmana dutenen aurka diseinatuta dagoela; eta, horren ordez, askoz sinesgarriago eta naturalago geratzen da «buruko jantzi guztien» aurkako arau bat asmatzea.

Non eta nola irakurtzen den albistea, ordea, bestelakoa da auzitan dagoen arazoa. «Neskaren gurasoak tematuta daude alabak zapia ez dezan kendu gelara sartzeko», irakurri dugu irrati-telebista publikoaren webgunean. Horra arazoa: gurasoen egoskorkeria.

Ona eta beharrezkoa da eskola publikoaren laikotasuna defendatzea —gizarte judeokristauean ahal den neurrian, behinik behin—. Baina ikasi nahi duen haur bat buruko zapi batengatik ikasgelatik egozten dutenean, arazoa nekez izango da zapia, araudia baino. Eta, neuk behintzat, ez diot ezertxo ere ikusten ez publikotik, ez eta laikotik ere diskriminazio mota horri.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide