Zezenketena

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 13a, 00:00

Gutxienez behin ikusi behar duzu, zioten. Ezin duzu sanferminetara etorri zezen plazara sartu gabe. Nafarroako gizartearen erradiografia da plaza hori.

Erradiografiarenak tentatu ninduen. Eta zezenketa ikustera joan nintzen, animaliekiko eta toreatzaileekiko sentsibilitate maila antzekoa neukalakoan: indiferentziazkoa, alegia. Ikusi nahi nuen, ulertzen ez ditudan gauzak ikusi nahi ditudan bezala; Greyren 50 itzalak irakurri nituenean edota Ikeara arratsalde-pasa joan nintzenean bezala.

Geroago ohartuko nintzen sentsibilitatearen kontuarekin oker nengoela. Nahi nuenaz beste, barrenak buelta eman zidan lehenbiziko zezenaren azkena ikusi nuenean, eta, ziurrenik, higuin gutxiago emango zidakeen uretrako operazio bat esku-hutsik egin behar izateak, toreroen gizonkeria esajeratuak baino.

Irtenbide gisa, eramangarriagoa zitzaidan esplikazio bat asmatzea erabaki nuen. Eta, egia esan, kontuak beste itxura bat hartu zuen pentsatu nuenean publikoko gehienok desio genuela toreatzaileak adarkada ederren bat jaso zezan. Edota toreatzaileek, beraiek jakin gabe, puntu trans nabarmena daukatela, dantzari zapata eta galtzerdi estu arrosa horiekin. Edota dotore eta serio txaloka ari zirenek, funtsean, txuleta bat baino ez zeukatela buruan.

Ezinezkoa zait gai honi kontraesanik gabe heltzea. Baina horretarako dago eguneroko gure kontraesan dositxoa: harekin bizitzen ikasteko.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide