Hirien mezuak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte

Edinburgo erdialdeko zubi handia ez da ibai baten gainetik pasatzen, trenbidea dauka azpian. Behe lainoak sarritan ez du ikusten uzten, baina ertzetara hurbilduz gero antzeman daitezke hainbat kartel: «Ez ezazu egin. Eskatu laguntza».

Alemania hegoaldeko autobus publikoetan ere badaude. Larrialdietarako botoi arrunten alboan jartzen dituzte, gidariaren atzean justu, lehenbiziko ilarako eserleku bakanaren pare-parean. «Krisi psikiatrikoetarako laguntza». Eta telefono bat.

Bartzelonako metro geltoki batean, eskailera mekanikoei jarraika, hiru kartel elkarren segidan. Neska argal eta zuri-zuri bat ageri da haietako bakoitzean, azpiko arropatan. «Emakumeen %99 depilatzen dira», dio lehenbizikoak. «Ez zaitez %1 hori izan!», bigarrenak. Azkenak enpresa iragarlearekin doako froga egitera animatzen du.

Gipuzkoa barrualdeko herri batean, markesina batek Fiji uharteetako postal bat erakusten die fabrikara doazen langileei. «Erreserba garaiz eginda, 1.200 euro baino ez». Aldamenean, Euskal Herrian behintzat existitzen ez den uda bateko irudiak dakartza Estrella Dammek.

Hiriak berak igortzen dizkigun mezuak dira guztiak. Nahi duenak bila ditzala loturak.

Osorik irakurri

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide