Saddamen eta Bushen artean aukeratu behar badut, ez daukat zalantzarik non dagoen nire lekua». Hala justifikatu zuen Jose Maria Aznarrek Irakeko gerra babesteko erabakia. «Espainiaren interesak babestuago daude orain». Ai, agintarien bokaziozko ardura prebentibo hori! Norbaitek esan behar zion Aznarri ez zeukala inoren artean aukeratu beharrik, Bush eta Saddam nor bere aldetik aski substantzia lehergarriak zirela, gainera elkarrekin kontaktuan jartzeko.
Washingtonek, Londresek eta Madrilek bazekiten, baina, hala ere, aurrera egin zuten gezurretan oinarritutako inbasio harekin. Irakeko gerra ezin izan baitzuten justifikatu autodefentsarako eskubidearekin, ez eta NBEren Segurtasun Batzordearen ebazpen batekin ere. Hamahiru urte igarota, Irakeko instituzio nagusi guztiek daukate alboan AEBetako armadaren bulegoa, miliziak lehian dabiltza kontrol-esparrutxoa handitzeagatik, eta inor ez da harritzen Bagdadeko atentatuekin. Iraq Body Count webgunearen arabera, gutxienez 179.000 zibil hil dira 2003az geroztik indarkeriagatik.
Hala ere, mea culpa bakarra heldu da, Blairren aldetik. Bushentzat, ez da aski okerra egitea; gainera eutsi egin behar zaio asmatutako gezurrari: «Orain, mundua leku hobea da». Aznar isilik geratu da, Blair eta Bushen artean aukeratzen. Baina, antza, nahiko garbi dauka zein den bere lekua.