Heldu

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 5a, 00:00

Urteak ziren haren berri zehatzik ez zuela. Tarteka, adiskideren baten kontakizunetan agertzen zen haren izena; festaren batean ere topo egingo zuten noizean behin. Elkar ezagutu zuteneko oroitzapen batzuk bazeuzkan: institutu garaian trukatutako hitzak, kuadrillen arteko afariren batean ateratako argazkiren bat. Batxilergoa amaitutakoan galdu zioten arrastoa elkarri. Bietako inork ez zuen edukiko oso garbi zer egin eskolaren ostean, baina erabakiren bat hartu behar, eta bera Bilbora joan zen komunikazioa ikastera. Bestea herri inguruan geratu zen ofizioa ikasten.

Ostegun batez, erredakziora heldu da ohiko moduan. Eguerdiro bezala, laneko ordenagailua piztu eta teletipo eta mezu elektronikoak errepasatzen hasi da, ia asteroko lan gatazka eta istripuei buruzko orria osatzeko asmoz. Sindikatu baten urgentziazko mezua iritsi zaio: bere adineko langile bat hil dela, lantokian hainbat metrotako altueratik jausita. Izena ikusi du, eta berehala ezagutu. «Sindikatuek lanuztera deitu dute», hasi da idazten ordenagailuan: «Enpresak gabeziak zituen segurtasun protokoloetan...». Ia mekanikoki ari da, dozenaka aldiz idatzi ditu esaldiok. Baina buruan irudi bat baino ez dauka iltzatuta: batxilergo amaierako afari hartan ateratako argazkia. Bi nerabe ageri dira bertan, erdi harrotuta eta erdi lotsatuta, etorkizunari nondik heldu ere ez dakitela. Orain berak badaki nondik heldu dien etorkizunak.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide