Kitto, beste behin», pentsatu zuen, logela erdi hustuari eta mudantzako kaxei begira zegoela. Ez zekien zerk eragiten zion izu handiagoa: pertsona epe laburrean zenbat zabor pilatzeko gai den ikusteak, edo bere bizitza osoa lauzpabost kutxatan kabitzen zela ohartzeak. Azken batean, pare bat urte baino ez ziren igaro etxe hartara sartu zenetik. Eta, hala ere, ez zuen besterik eduki, ez besterik behar izan, kutxa horietan zegoena baino. Zenbat pertsonaren bizileku izan (eta izango) ote zen gela hura; baina, hala ere, ezin zezakeen irudikatu berea ez zen beste bizitzarik lau horma haien artean. Bere buruaren zati bihurtu zen logela, eta bera, logelaren parte.
Baina hori guztia ere desagertzen hasia zen, paretetako irudiak kentzen eta Ikeako altzariak desmuntatzen hasi zenetik. Apurka-apurka ikus zezakeen nola desegiten zuen, ordu gutxian, bi urtean eraikitakoa. Eta orain berriz etxez aldatzera. Berriz etxea eraikitzera. Ezagun zuen inon ez egotearen sentsazio hori, helduleku zehatzik gabe, desegiten zuen etxe bakoitzean bere buruaren zatitxo bat utziz joango balitz bezala. Burutik pasatu zitzaion, seguruenik, horregatik iruditzen zaizkigula hain garrantzitsuak gure jabetza bakanak: trantsizio uneotan, bizitzaren parte bihurtu diren espazio eta pertsonetatik urruntzen garenean, lauzpabost kutxa horiek bihurtzen zaizkigulako etxe. Edo horrelako zerbait.