Zer esango ote genuke Orlandoko atentatuaz, ez bagenu errepikatzearen errepikatzeaz jakingo erasotzaileak jatorri afganiarra zeukala? Hitz egingo ote genuke homofobiaz, besteak —besteak!— euren sexualitatea modu askeagoan bizitzen ikusteak euren buruari buruzko eskemak hausten eta izua eragiten dien horiei buruz? Adituko al genieke behingoz lesbianen kexuei, espazio publikoetan musuka ari direnetan jasan behar dituzten gizonezko intrumisio gogaikarriei buruz? Erreakzionatuko al genuke lehenago, «ni ez naiz homofoboa» dioten gurasoek, gero, semeak edo alabak sorpresa ematen dienean, bizkarra ematen diotenean? Edo begiratuko ote genuke xehetasun handiagoz institutuetako ikasgeletara, mutilen artean maritxua izatearen mamua ikusteko? Eta, behin Orlandokoaren gisako eraso bat gertatutakoan, ohartuko al ginateke egunotan biktimak artatzeko odol emaile bila dabiltzala, baina, ironikoki, AEBetako legediak debekatu egiten diela azken urtebetean harreman homosexualik izan duten gizonezkoei odola ematea?
Orlandora iristeko, ez dago homofobia Afganistanen bilatu beharrik. Munduko edozein bazterretatik has gaitezke hariari tiraka, baita Euskal Herritik ere.