Zergatik ote dio jendeak halako izua aluari? Indianako unibertsitateko ikertzaile talde batek planteatutako galdera da, kontuan izanda emakume askok gehiagotan ikusten dutela euren dentista euren hankartea baino, eta gizonezko askok mapa bat behar dutela inguruotako tolesturetan ez galtzeko. Lehenbiziko aldiz, emakumeok geure buruari plazera emateko erabiltzen ditugun teknikei buruzko ikerketa xehe eta zabala egin dute: AEBetako bizileku, adin eta jatorri desberdinetako mila emakume ingururi elkarrizketa luzeak egin dizkiete masturbatzeko moduei buruz, eta, emaitzekin, gainerako guztiontzako tresna zoragarri bat osatu dute: www.omgyes.com webgune interaktiboa. Bertan, erabiltzaileak aukera du pantailan agertzen zaion alu bat laztantzeko, ikerketaren emaitzek emandako pistei jarraituta. Izena ematerakoan ordaindu egin behar da, baina proba egitera animatzen zaituztet. Alde batetik, anatomia ikasgai eta praktika bikaina delako batzuentzat zein besteentzat, eta, bereziki, mapa behar duten horientzat. Eta, bestetik, ikerketa batek behingoz serio hartzen duelako emakumeen plazera, esplikazio biologiko aspergarrietatik behatu ordez. Elkarrizketatuetako batek webgunean bertan dioen bezala: «Guztiok egiten badugu, zergatik kostatzen zaigu hainbeste ozen ahoskatzea?».