Hamar urte ere ez ditu izango. Alemania hego-mendebaldeko bere betiko herrixkatik dabil oinez, axolagabe, oinak arrastaka eta lurrera begira, urteroko bisita familiarretako ordu hilak betetze aldera. Herria txikia da, baina eskualdeko hiriburua hala ere; sekula airetik jaurti gabeko adokinez josita dago kaxkoa, sekula ez delako manifestaziorik egin bertan.
Adokinen artean, inskripziodun harri bat agertu zaio: «Etxe honetan bizi izan zen Babette Oppenheimer, Maier jaiotzaz, 1877an jaioa eta 1940an Gursera deportatua. 1944ko irailaren 1ean hila». Etxean galdezka hasi da, helduenek nahi luketen baino insistentzia handiagoarekin. Azkenean norbaitek azaldu dio zapaltzen ari den herri kaxkoa «gune marroia» zela 1930eko hamarkadan, eta egun batetik bestera izendatu zutela «juduetatik libre». Baina herri txikia izanik, inork ez zuela gerraostean bizilaguna salatu, eta gerra aurreko agintari gehienek karguan jarraitu zutela; horregatik hasi direla orain baldosak jartzen. Berandu izanik ere, hiriak gordeko du orain memoria, esan diote.
Stolpersteine deitzen diete Alemanian nazismoaren biktimak gogoratzeko baldosei. Itzulita, behaztopatzeko harriak. Historiak estropezu eginarazi behar dizulako batzuetan, bideko harriak ikus ditzazun.