Joan den astean erori zen hegazkinarekin jarraitzen dute teleberrian. Zalantzak dauzkatela, baina zantzuak egon daitezkeela beharbada lehergailu batek amilarazi eta hondoratu zuela Mediterraneoan. Sofako ikuslea atsekabetu da, baina ez harritu: «Normala, Egiptora zihoan-eta». Itsasoa miatzen ari diren erreskate ontzietatik aireportura egin du jauzi telebistako irudiak, istorioaren bide naturala balitz bezala. Zapatak kentzera behartzen zaituzten eskaner lerro horietako bat erakutsi du; etxetik daramazun botila ura kanpoan utzi eta barruan beste bat hiru eurotan saltzen dizuten hura. Une batez pentsatzen duzuna xelebrea litzatekeela orain botila ur hori eskanerren gainetik aireportuko gune segurura jaurtitzea eta jendearen erreakzioa ikustea; baina inguruko uniformedunek txantxa buruan bertan zapuzten dizutena.
Teleberriko korrespontsala aireportuetako segurtasun neurriei buruz ari da hizketan: oraindik ez dutela fundamentuzko sistema zentralizaturik adostu bidaiarien datuak gordetzeko, baina Europako Batasuna lanean ari dela Turkiarekin akordioa lotzen, hegazkinetara igotzen diren guztien datuak eskura izateko une oro.
Kontrolean zapatak, ura eta ordenagailua ateratzera behartu eta, hala ere, goitik behera erregistratzen nauten hurrengo aldian galdetuko diet ea dagoeneko asmatu al duten nork bota zuen Mediterraneoko hegazkina.