Kasualitatez, 2012ko udako egunkari batzuk dauzkat mahai gainean. Josu Uribetxeberria, larriki gaixo, espetxetik atera aurreko asteetakoak dira; Espainiako prentsa nagusia sutan dago orriotan, hainbat presok eta politikarik harekiko elkartasunez abiatutako gose greba nola deslegitimatu asmatu ezinik. «Greba, funtsean, postreari uko egitea da», dio egunkari bateko zutabegileak. Eta gaineratzen du: «Edozein kazetarik daki ez dela gose greba bati buruz idatzi behar grebalariak lehenbiziko txertoa jaso arte».
Gogoa Fresneseko espetxera joan zait segituan, han preso daukaten herrikidea zer moduz ote dagoen galdezka. Zigor ziegan sartu omen dira borondatez bera eta beste euskal preso bat, dagoeneko bi aste inkomunikatuta daramatzan hirugarren batekiko elkartasunez. Emakumezko preso guztientzako baldintza hobeak exijitzeagatik baztertu zuten hura. Gerora abiatu zuten gose greba gizonezko presoek.
Bakartzeko arrazoia protesta ezin sotilago bat izan zen: patiotik hamar minutu geroago sartzea. Mugitzeko askatasuna baino askoz gehiago mugatzen duen espazio horretan, zaindaria zigortzeko modu bakarrenetakoa da norbere burua zigortzea, gorputzari jana galaraziz edo propio zigor zeldatan sartuz. Eta nola deslegitimatu bataila bat, norbere gorputza denean zelaia.