Erabakitzeko eskubidearena izan daiteke sentimendu bat ere. Finean, erreferendum batean dagokizun bakarra papertxo batean gurutze bat egitea da, eta espero izatea beste milaka batzuek ere hala egingo dutela, eta mezu hori heldu beharreko tokira helduko dela. Gurutze horrek bide nekeza izango duela jakinda.
Baina, hala ere, sentitzen zara boteretsu une horretan, benetan zerbait garrantzitsu erabakitzen ariko bazina bezala. Galdetu, bestela, greziarrei, uztailaren 5eko erreferendumak zertarako balio izan zien, urteetako abaildura une batez arintzeko ez bazen. Bezperara arte hurkoari errezeloz begiratu zietenek ere lasaitua hartu zuten, ohartu zirenean aho batez esan ziotela ezetz Bruselatik ezarri nahi zieten aurrezte plan berriari. Urteetako krisiak eragindako etsipena eta mesfidantzak arindu zituen, gau batez, oxi hitzak.
Baina ezezko harekin ez zen ezer amaitu: Bruselako bulegoetan Greziako lehen ministroa estutzen jarraitu zuten, eta antsietate krisi betean jakinarazi zioten ez zela bertatik aterako eurekin ituna sinatu arte. Egunotan pentsioak eta BEZa berrantolatu behar izan ditu, berriro, parlamentuak, Bruselak erreskatearen beste zati bat aska zezan. Gauza bat baita oxi esatea, eta beste bat oxi gertatzea.