Larunbat gaua zen; afaria gehiegi luzatu gabe, etxera nindoan trenez. Ordurako alai samar zeuden pare bat kuadrilla aurreratu eta leiho alboko eserlekua hartu nuen lasai irakurtzeko; azken batean, berrogei bat minutu edo izango nituen etxeraino. Bigarren geltokian gazte bat igo zen bagoira, eta nire aldamenean eseri. Irakurtzen ari nintzen liburuari begiratu zion: «Axola dizu zurekin irakurtzen badut?». Orriak zertxobait ezkerrerantz biratu nizkion, letrak errazago ikus zitzan.
Hitz bakar bat ere egin gabe egin genuen ordu erdiko bidea; kantuan ari ziren kuadrillen artean, biok liburuari begira. Bere geltokira iritsi ginenean, eskerrak eman zizkidan eta jaitsi egin zen. Ez dakit ezer gehiago berari buruz, ez daukat jakin beharrik ere. Nork bere aldetik, ordu erdi bat igaro genuen elkarrekin.
Gure herriko kale nagusian ere badago bakarrik elkartzeko taberna horietako bat. Dozena erdi bat egunkari izaten dituzte, eta beste hainbeste mahai. Goizero dozena erdi bat irakurle bertaratzen dira, bakoitza bere mahaian, bere egunkaria parean, baina aldamenekoarekiko adi, hark berea noiz bukatuko. Tartean behin, mahaietatik itzulia egiten dute egunkariek. Bakoitza bakarrik ari da bere kafea hartzen; eta, horrenbestez, inor ez dago bakarrik.