Haurrentzako bilatzaile berezia atera du Googlek: Kiddle, oraingoz ingelesez soilik. Helduok gure arazo gehienetarako irtenbideak bilatzen ditugun koadrotxoa umeen kezketara moldatu dute orain, ustez beraien interesekoak ez diren hainbat kontzeptu blokeatuta. Espero izatekoa denez, pornografiarik ez da ageriko bilaketetan; horretarako topatuko dituzte beste atari batzuk.
Bitxiak, ordea, beste debeku batzuk dira. Heriotza, esaterako, zentsuratua dago sare berrian. «Nire arraina hilda dago» esaldia sartu, eta akatsa ematen du: «Ups, saiatu berriro». Zergatik ezin ote dute heriotzari buruzko informazioa bilatu? Zenbat haurrek ez ote lukete gustura bilatuko Googlen «Amona hil egin da, nora joan da?», helduok Yahoo-ren galdera-erantzunetan desesperatuki bilatzen ditugun errezeta, erremedio eta denetariko aholkuen moduan?
Pornoak ez ezik, askoz xaloagoa den «sexualitatea» hitzak ere akatsa ematen du: «Saiatu berriro», alegia. Ez dakit zer irizpideren arabera erabakiko ote duen Googlek eduki batzuk desegokiak direla; beharbada esplikazio horiek sukaldeko mahaian eman beharrekoak direla uste du. Baina tresna berriak baliagarritasun erdia ere galtzen du, gurasoei galdetu nahi ez dizkieten eta Internetek eskaintzen dituen gauza interesgarrienak debekatuta badaude.