Europako Batasunak 350.000 haurrentzako esnea igorriko du Siriara», irakurri duzu goizeko tituluetan. Tira, pentsa zenezake, tiritatxo bat jarri nahi diote orain arte zabaltzen baino lagundu ez duten zauriari. Baina nola kritikatuko duzu, bada, neurria? 350.000 haurrentzako elikadura zerbait ona da, hori edozein memelok ikusten du. Gobernuz kanpoko erakundeen eskutik oporrak Afrikan igarotzen dituzten adiskideekin izan ohi dituzun eztabaida betierekotan erortzeko arriskua dakar halako programa asistentzialistak kritikatzeak.
Albistea irakurtzen jarraitu duzu: esne litro horiek Europako Batasunaren 30 milioi euroko laguntza plan handiago batetik ei datoz. Bruselako Nekazaritza eta Landa Guneko Garapenerako Batzordeak eskatua. Hara. Zer zerikusi ote daukate Europako nekazarien diru laguntzek eta Siriako haurrek? Bada, esne litro horiek ez dituztela Sirian ekoitziko, hemen baizik. Negozio borobila da: aski saltzen ez duten esnegile europarrei dirua eman, eta Siriako gerran zerbait ona egin duenaren aurpegiarekin atera argazkietan. Eta, bien bitartean, ez diete benetako erremediorik eskaini, ez hemengo nekazariei, ez eta hango familiei ere. Halakoak dira Europatik bidaltzen ditugun laguntzak, esnea bezain zuriak: tirita bat labankadaren ondotik.