Hegazkina

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 31a, 00:00

Eskemak ez zuen zalantzarik uzten: ustekabean lurreratutako hegazkina, gizonezko egiptoarra, lehergailuak soinean, bahiketa. Gobernuek jihadismoaren aurkako protokolo guztiak jarri zituzten martxan. Eguerdirako, ordea, irriz agertu ziren agintariak prentsaren aurrera, argituz maitasun afera batek eragin zuela guztia. Mustafa bidaiariak Zipreko bere emazte ohiarekin hitz egiteko behartu zuela pilotua lur hartzera: gutun bat bota nahi ziola hegazkinetik aireportuaren ondoan bizi zen Marinari. Irlako agintarien arabera, «psikologikoki ezegonkorra» zen Mustafa; Egiptokoen hitzetan, «idiota». Ustezko lehergailuak elkarren alboan jarritako telefono-zorro sorta bat baizik ez ziren, baina inork ez zuen zalantzan jarri eztanda egin zezaketela.

Halakoekiko garatu ditugun erreakzioak ikusita, duda daukat nor ote den idiotagoa istorio honetan. Baina misterio handiagoa dira gerora zabaldu diren txio eta tituluak: «Maitasunagatik bahitutako hegazkina»; «Ekintza terrorista guztiak ez datoz gorrototik»... Kasik iradokiz bezala Marinak onartu beharko zuela harremanari berriz ekitea, edozein eztabaidak hegazkin bat zerutik jaits dezakeela jakiteak ematen dizun ziurtasunarekin. Ez ote ditugu erasoak okerreko tokietan ikusten?

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide