Atariak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 17a, 00:00

Aspaldi bloke zahar honetara bizitzera etorri ziren gazteen artetik geratzen den azkenetakoa da Antonia. Aldamenekoa duela pare bat urte zendu zen, eta, harrezkero, Antoniak ez du haren izena aipatzen berari buruz ari denean: soilik «hil zena» deitzen dio, bizilagunak traizioz abandonatu izan balu bezala etxe geroz eta ezezagun honetan.

Hiria ere ez dago bere neurrira eginda. Etxeko intimitatetik kanpora, arrotza da leku guztietan: hartzen ez dituen autoen soinura moldatu behar du ahotsa norbait agurtzen duenean; semaforoek markatzen diote kalea gurutzatzeko gehienezko erritmoa —azken segundoetan korrika egiteko iradokitzen dio pertsonatxo berdeak—. «Zentroa» deitzen dioten hori jada ez dute iturri eta eliza zaharrek osatzen, Starbucksak eta Zarak baizik. Jendea bakarrik hizketan doa kaletik, baina inor ez da harritzen.

Eta atariak. Antoniak oso kuttunak zituen garai batean ongi etorria emateko balio zuten etxe atari haiek: babesaren atalasetik, kanpoko guztiari segurtasunez begiratzeko aukera ematen zioten. Orain, aulki gutxi ikusten ditu atarietara aterata. Gaur, berea jaistea erabaki du, baina ama batek kentzeko eskatu dio berehala, espaloian haurraren kotxearentzako lekurik uzten ez ziola-eta. Etxetik kanpora, ez dago hiririk Antoniarentzat.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide