Independentistek Kataluniako hauteskundeak irabazi eta hiru hilabetera, bere historiako batzar garrantzitsuena du CUPek. Junts Pel Sik proposatutako akordioa onartzen badu, prozesuak bere bidetik jarraituko du, bide hori zein den inork oso garbi ez daukan arren. Aldiz, CUPek ezezkoa ematen badu, ez da gobernu independentistarik osatuko berehalakoan, eta, urtarrilaren 10erako ados jarri ezean, martxoan bozak egin beharko dituzte berriz.
Junts Pel Sik argi samar adierazi dio epea agortzen ari dela, eta hainbaten pazientzia ere bai. Azken hilabeteotan CUPeko diputatuekin negoziatu ostean, aste honetan aurkeztu du behin betiko proposamena: datorren gobernualdirako konpromisoen zerrenda luze bat dakar; besteak beste, legealdi hasieran diputatu independentista guztiek bozkatutako adierazpena indarrean sartzeko asmoa. Truke txanpona, baina, presidentetzarako hautagaia da: Artur Mas da baldintza.
Inbestidurak bi muturretatik trenkatuta dauka orain CUP. Kataluniako ezker subiranista historian bereizi izan duen galdera azaleratu da berriz: independentzia ezkerreko fronte baten bidez lortu behar da, edo klase arteko aliantza patriotikoak bilatuta? CUP osatzen duten tradizioen artetik, bi dira jarrera bakoitzaren ordezkari nagusi: Endavant eta Poble Lliure, hurrenez hurren. Endavantekoak tematuta daude Masen hautagaitzaren aurka, eta irudi du sekula ez dutela askorik sinetsi Kataluniako eskuina ere independentismora erakarri duen haize boladan.
Tristeena da prozesuari buruzko erabaki garrantzitsuenetakoa ez dela elkarrekin ados jartzeko saialdi batetik sortuko, ezta ezker independentistaren kultura politikoan ere: indar erakustaldi batetik etorriko da. Mutur bakoitzak zerua eta lurra mugitu ditu gaurko batzarrean ahal bezainbeste boto pilatzeko. Denera 3.577 lagun bilduko dira Sabadellen, eta lau aukera izango dituzte bozkagai. Bik inbestidura ahalbidetuko lukete; beste biek hauteskundeak aurreratzera behartuko lukete gobernua.
Lehenbizikoak Junts Pel Siren proposamena onartzea eta haren hautagaia inbestitzea ekarriko luke; hala eginez gero, hurrengo legealdirako giltza bihurtuko litzateke ezker independentista. Bigarren aukera proposamena ukatzea litzateke, baina Masen inbestidura ahalbidetzea. Hartara, hauteskundeak aurreratzea saihestuko luke, parlamentuko gehiengo independentistari eutsiz, baina gobernuarekiko ardura kenduko luke gainetik.
Hirugarren eta laugarren aukerekin, CUPek uko egingo lieke akordioari eta inbestidurari. Batean, hauteskundeetara jotzeko prest dagoela adieraziko lioke Junts Pel Siri, hark beste hautagai bat proposatu ezean; funtsean, orain arteko saialdietan egindakoa errepikatzea litzateke, baina ustez ardura alderdi independentista nagusiari egotzita. Bestean, emaitza berbera litzateke, baina Junts Pel Sirentzako mezua, desberdina: bila dezala babesa beste nonbait, esate baterako, Podemosen Kataluniako frankizian.
Junts Pel Sik Masen hautagaitzari eutsiko ziola iragarri zuenetik, CUPek beti ihardetsi du garrantzitsuena ez dela \xabnor\xbb, baizik eta \xabzer\xbb eta \xabnoiz\xbb. Arrazoi osoz. Arazoa da, itxuraz, \xabnor\xbb badela garrantzitsua CUPeko sektore batentzat. Eta horrek Podemosen garaipena dirudi: ezezkoaren aldekoek, neurri handi batean, haren diskurtsoa bereganatu dute, eta etsaia Madrildik Bartzelonara igaro da.
Espainiatik erreferendum promesak datoz orain Podemosen eskutik. Igandeko hauteskunde orokorrek esperantza sortu diote ezkerreko frontearekin amesten duen sektoreari. Kataluniako emaitzei erreparatuta, badirudi CDC gain behera doala —botoen %15 lortu ditu, Kongresuko diputatuen erdiak galduta—, Podemosen inguruko indarrek lurrikara eragingo dutela Madrilen —Katalunian berak jaso du boto gehien, nahiz eta Madrilen nekez bihurtuko den erabakigarri PSOErekin ituna egin ezean—, eta, ondorioz, martxoko hauteskunde batzuetan erreferendumaren aldeko fronte sendo bat sortzeko adina indar pilatu litezkeela.
Fronte hori independentista zen irailean. Orduan, CUPen programan ez zetorren Masen inbestidurari buruzko hitz erdirik; gerora atera zioten promesa hori, Espainiako ezkerrak xaxatuta. Ostera, bazetorren programan gehiengo independentista bat babesteko konpromisoa, eta hala esan zuten azaroaren 9ko adierazpen parlamentarioan. Bestela, zertarako ziren irailaren 27ko hauteskunde plebiszitarioak?
Independentziaren aldeko babes soziala ezkerretik zabaldu behar dela dioenari ez zaio arrazoirik falta. Eskuinetik eta bazter lausoetatik datozenei uko egin behar ote zaien, hori zalantzagarriagoa da. Baina, edonola ere, nekez hobetuko dira horretarako baldintzak hemendik hiru hilabetera hauteskundeak eginda. Ezerk ez du pentsarazten CUP hedatuko litzatekeenik; aitzitik, Podemos, erreferendumaren bermatzaile gisa ageri denez, eskuak igurzten ariko da honezkero, independentistak elkarrekin liskartuta ikusirik. CDCk botoak galduta ere, kontserbadurismo katalanistaren espazioa ez da txikituko. Gehienez ere, beste norabait mugituko da; bizirik irauteko independentismoari eutsi behar izan ez dion alderdi batera, esaterako. Eta, horrek, aspirazio mailan, ezkerrak beti amestu izan duen aldaketa sozialetik gertuago jarriko luke Katalunia; baina erabat urrunduko luke azken urteotan benetan sortzen hasi den aldaketatik.