Demokrazia Atenasko plazetan sortu bazen, herriko festaren batean sortuko zen. Seriotasunaren arrastorik, behintzat, ez da iritsi egungo saio parlamentarioetara. Aste honetakoa, Madrilen, horren seinale. Musu hotz eta pasiorik gabeko batek halako zalaparta eragitea aski bitxia ez bada —oraindik ez daukat oso garbi zerk bihurtu zuen hain eskandalagarri: bi gizonen artekoa izateak? Katalan baten eta espainiar baten artekoa izateak? Edo, besterik gabe, Kongresuan eman izanak elkarri?—, are kezkagarriagoa da diputatu batek presidentegaiari gogorarazi behar izatea bere alderdiak gerra zikinarekin lotutako historia iluna daukala, eta erantzuna, harmailetatik, txistuak eta oihuak izatea. Are tristeagoa alderdi horretakoa den Kongresuko presidenteak —hori ezaguna dugu— diputatuari hitza kentzea, haur bati ari balitzaio bezala, argudiatuz denbora amaitu zaiola txistu egin dioten tartean. Eta are, presidentegaiak bere aurrekoak justifikatzea, esanez \xaboso harro\xbb dagoela iragan horretaz.
Saioa bukatu denean, etxeko ikusleak zertxobait gehiago daki diputatuen miseriei buruz, baina ez gobernuaz. Eta, guztiaren azpian, sentipen lazgarri bat: kareari egindako aipamenak ez zuela inor harritu areto hartan; guztiek zekitela nori eta zeri buruz ari ziren, baina nahiago izan zutela txistuekin estali.