Aste honetakoa da argazkia: zangorik gabeko gizon bat Greziako mugan eserita, protesiak aldamenean pausatuta, bera berehala gainetik kendu nahi duen Europara sartzeko zain.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak ez ditu hura bezalakoak nahi. \xabLegez kanpoko etorkin ekonomikoei\xbb ez etortzeko eskatu die, \xabtrafikatzaileen\xbb engainuei eta segurtasunari buruzko aitakeriaren batez apainduta. Ihesean datozenek arriskuaz ezer ez balekite bezala.
Baina geldi: aletu ditzagun Tusken hitzak. Zer diogu \xablegez kanpoko etorkin ekonomikoak\xbb esaten dugunean?
Bat: legez kanpokoak direla, izatez, ez daudela egoera horretan hala jarri dituztelako. Eta gu izatez garela bertakoak, horretarako eskubideak irabazi behar izan ez bagenitu bezala (horregatik ez gara erabat hemengoak, Euskal Herrian ere bertakotasun eskubide batzuk irabazteko daudelako).
Bi: iheslari ekonomikoak direla, eta, beraz, ez politikoak. Pobrezia ez delako politikoa.
Eta hiru: karga ekonomikoa dakartela. Etorkin batzuk erabilgarriak direlako, eta besteak ez.
Migrazio \xabuholdeez\xbb hitz egiten dugu, natur hondamendi bati buruz ari bagina bezala. \xabKrisi egoera\xbb aipatzen da, ekaitz batek utzitako kalteez bezala. Eta ez gara ohartzen haiei buruz hitz egiteko modua dela egiten diegun lehenbiziko harrera.