Ikastolako 6. mailakoek azoka solidarioa egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Zarauzko Ikastola 2024ko mai. 23a, 14:00

Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleek Azoka Solidarioan bildutako dirua eman diote Hotz Zarautzi. (Artxibokoa)

Ikasleek antolatutako azokan lortutako dirua Zaporeak elkarteari emango zaio.

Azoka solidarioa, Salbatore Mitxelena ikastolako 6. mailan landu dugun Hobetu dezakegu gure bizitza? proiektuaren baitan antolatutako ekintza bat da.

Ikasturtean zehar aipatu mailako ikasleak buru-belarrari aritu dira ikerketan eta hortik ateratako ondorioei irtenbide bat emateko ahaleginean. Proiektuan zehar, besteen larruan jartzen ikasi dugu, askotariko arrazoiengatik hainbat pertsonak bizi dituzten egoera ahulak gureak balira bezala sentitzeko.

Bada, ikasi eta frogatu dugu zerbait egin dezakegula geure eta besteen bizitza hobetzeko. Hori dela eta, egoera zaurgarrian bizi direnen lekuan jarri, eta haien egoera hobetu beharraren kontzientzia pizten ahalegintzea erabaki dugu eta jendearengan elkartasuna bultzatzea.

Hori guztiaren baitan, Azoka solidarioa antolatuko dugu ikastolan maiatzaren 24an eta bertan, besteak beste, ikasturtean zehar tailer ezberdinetan egin ditugun produktuak salduko ditugu. Azokako salmentatik lortutako dirua Zaporeak elkarteari bideratuko diogu.

Zaporeak, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Azokan izango ditugu Zaporeak elkarteko lagunak ere! Eta beraien produktuak ikusi eta probatzeaz gain, erosteko aukera ere izango da bertan.

Animatu, etorri gure Azoka solidariora eta parte hartu egoera ahulean bizi direnen beharrak asetzen lagunduz! Denok izan behar dugu arazo horren konponbidearen protagonistak!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide