Gabonak dira eta aulki huts bat dugu etxean

Erabiltzailearen aurpegia Zarauzko Ikastola 2018ko abe. 8a, 13:15

Zahartzea, hauskortasuna, gaixotasun sendaezinak, heriotza eta dolua gaiak hartuta gurasoei zuzendutako saioa izango dugu.

Azaroan eta abenduan hildakoak modu berezian gogoratzen ditugu. Hilerrira hurbiltzeko tradizioa hein handi batean mantentzen dugu azaroaren hasieran eta beste errito laiko batzuk gehitzen ari dira azken urte hauetan. Gabonak, bestela, herrialde tradizionalki kristauetan ospatzen ditugun jaiak dira. Familian biltzeko garaia da, urruti bizi diren senideak edo lagunak berriro topatzekoa. Eta hain zuzen ere horregatik, denok modu batean edo bestean etxean ditugun aulki hutsak presenteago edukitzen ditugu.

Aurten, martxan ipini dugu “Zarautz, Herri Zaintzailea” izeneko ekimena lau herrikidek, hiri errukitsuen mugimendu globalaren barruan (“compassionate communities”, “ciudades compasivas”…). Helburu nagusien artean, herrian heriotzaz eta doluaz hitz egiteko esparrua sortzea da, urtean zehar “Death Cafe” nazioarteko dinamika eskainiz talde txikietan, zainketa aringarrien kultura zabaltzea hitzaldien eta zine-forumen bidez herri mailan eta beste udalerri errukitsuekin elkarlanean aritzea.  

Abenduaren 12an Salbatore Mitxelena ikastolarekin elkarlanean, egun osoko jardunaldia prestatu dugu zahartzea, hauskortasuna, gaixotasun sendaezinak, heriotza eta dolua gaiak hartuta. Goizean saio bikoitza planteatuta dago DBH 4ko ikasleei begira, eta arratsaldean beste bat gurasoei zuzenduta, 17:00etan Aretoan.

Horretarako, gurekin edukiko dugu Hirune Pellejero psikologoa, Iruñeko San Juan de Dios ospitalean lan egiten duena eta “Proyecto Sé+” egitasmo interesgarriaren partaidea. Izan ere, 2015ean abian ipini zuten proiektua HSJD ospitaleak (Claudio Calvo, Marcos Lama eta taldekideek) eta Nafarroako Gobernuak, foru erkidegoaren hainbat ikastetxetan. Egitasmoaren ibilbidearen nondik norakoak konpartitu ez ezik, saio interaktiboak proposatu dizkigu Hirunek. Halaber, hezkuntza arloko proiektu handi hau “Pamplona contigo / Iruña zurekin” ekimen handiagoaren barruan dago, hiri errukitsu moduan. Zentzu horretan, bi komunitate errukitsuen arteko topaketa ederra izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide