Pabilioi berriko obrak bukatzen dituztenean birkokatuko da han gaztetxea

Apirilean eman genituen Putzuzulo Gaztetxearen inguruko azken berriak, prentsaurreko bidez. Hala gogorarazi genuen aurrera doazela Salberdingo lanak eta laster kanporatuko gaituztela Putzuzulotik; eta hala jakinarazi genuen udalak pabilioi bat eskuratu duela Hegoalde eremuan, gaztetxea han birkokatzeko.

Desalojo mehatxua gainean izan dugunetik, hainbat eskaera argi egin ditugu; besteak beste, Gaztetxea birkokatzeko beste espazio bat izan arte Putzuzulo ez eraistea eta, lagapen-hitzarmen berri baten bidez, espazio berriaren erabilera eta kudeaketa Putzuzuloko asanbladaren esku uztea. Guretzat, dena den, aurrera begirako exijentzia batek izan du garrantzi berezia: desalojo arriskuak sortutako larrialdi egoerarako aterabide bat lortzeaz gain, ziurtatzea epe luzean ere Gaztetxe bat egongo dela Zarautzen, eta horretarako bermeak izatea. Datozen belaunaldiek ere elkartzeko, antolatzeko eta lan politiko eta kulturala egiteko aterpe bat izatea nahi dugu.

Zenbait hilabete igaro dira udalak Hegoaldean pabilioia erosi zuenetik eta alkatea guk egindako exijentziak onartzeko prest agertu zenetik. Eraikin horretan zenbait obra egin behar ditu orain udalak, eta aurreikusi baino askoz ere gehiago atzeratu dira horretarako epeak. Pabilioi horretan obrak amaitzean birkokatuko da han Gaztetxea, eta orduan eraitsiko dute Putzuzulo.

Espazio berriaren lagapen hitzarmena izango dena ere ixtear dago. Esan bezala, hitzarmen horrek jaso beharko lituzkeen bi puntu nagusi jarri ditugu guk mahai gainean: eraikinaren erabilera eta kudeaketa asanbladaren gain geratzea eta epe luzerako gaztetxe bat ziurtatzea.

Gainean dugu Putzuzuloren 16. urteurrena. Ez da desalojo mehatxua gainean izanda ospatuko dugun aurreneko urteurrena. Berehalako eraiste mehatxua gainean izanda ospatuko dugun bigarren aldia izango da, gainera. Laster izango duzue berri gehiago.

Bestalde, gure elkartasun eta babe osoa azken hilabeteetan desalojatu dituzten zein desalojo arriskuan dauden gune guztietako kideei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide