Gutuna: Putzuzulo botako dute, eta alternatibarik gabe jarraitzen dugu

(Amaia Urbieta Arruti)

Putzuzuloko kideen arabera, alkateak jakinarazi die eraikin berria erosteko lehiaketa "momentuz, bertan behera" geratu dela. Herritarrei egoeraren berri emateko batzar irekiak antolatu dituzte.

"Bi urte badira dagoeneko, Putzuzulo gaztetxea eraisteko mamua gainean genuela, Ta gaztetxiakin ze? kanpaina martxan jarri genuenetik. Geroztik, desalojo eta eraisketaren mehatxuari aurre egin eta Zarautzen gaztetxe bat bermatzeko lanean aritu gara: egoera ziurgabeak mugatuta ere, Putzuzuloko jarduna bizirik mantenduz; asanbladan unean uneko aukera guztiak aztertuz; eta Putzuzulotik botako bagaituzte, alternatiba bat lortzeko udalarekin harremanetan, besteak beste.

Iazko urrian, promotoreen esku geundela gogorarazi zigun alkateak, eta bi hilabeteko bizitza eman zioten Putzuzulori. Azkenean eraisketaren data ikasturte honen amaierara atzeratu bazuten ere, momentuz, urrian egindako batzar zabaletan eta azaroko azken oharrean esandakoa berretsi beharrean jarraitzen dugu: Putzuzulo dela gaur egun gure jardunari eta hamaika proiekturi aterpea ematen dien gunea, eta hortik harago, esku hutsik jarraitzen dugula oraindik.

Alkateak Putzuzuloko asanbladako kideoi jakinarazi zigun Zarauzko Udalak eraikin bat erosiko zuela Hegoalde eremuan, Putzuzulo eraitsi aurretik, gaztetxea birkokatzeko eraikin bat bilatzeko. Prentsaurreko bidez eman zuen asmo horren berri azaroaren 5ean, eta azaldu zuen lehiaketa publiko bat abiatuko zuela udalak erosketa horretarako. Martxan izan da lehiaketa ordutik, baina alkateak hilabete honetan adierazi digu, momentuz, bertan behera geratu dela lehiaketa hori. Antza, lehiaketara aurkeztu diren eraikinek ez dituzte bete beharreko baldintza tekniko guztiak betetzen. Alkatearen arabera, aurki jarriko dute martxan lehiaketa publiko berri bat, baina ez digute epe eta baldintza zehatzen berri eman oraindik.

Beraz, oraingoz, ez dira bete alkatearekin izan ditugun elkarrizketetan hark guri aditzera emandako epeak. Gero eta gutxiago geratzen da ikasturte amaierarako eta, hortaz, Putzuzulo eraisteko, eta udalak oraindik ez du erabaki horren alternatiba zehatzik ziurtatu.

Egoera honetan, beraz, orain arte esandakoa berrestea baino ez zaigu geratzen: sinatuta dagoela Textil Guipuzcoana eraikina eraisteko alkatearen baimena eta desalojo arriskuan jarraitzen dugula; gaztetxe bat beharrezkoa dela Zarautzen eta hori bermatzeko lanean jarraituko dugula; eta ez garela Putzuzulotik joango Zarautzen epe luzerako gaztetxe bat bermatuta izan arte. Ez dugu onartuko proiektu hau egun bakar batez ere aterperik gabe uztea.

Egoeraren berri zuzenean eman asmoz, batzar zabaletarako deia egin dugu berriz ere. Hurrengo igandean, otsailaren 28an, Putzuzulora bertaratzera dei egiten diegu zarauztarrei, 17:00etan edo 19:00etan".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide