Warda haurdun zegoen eta astelehenean hil zuten Mallorcan, bere zazpi urteko semearekin batera. Asteartean beste bi emakume hil ziren, Bartzelonan eta Tarragonan. Ostegunean, Maria Teresaren bikotekide ohiak Asturiasen hil zuen. Horrez gain, aste "lazgarri" honetan, Olivia eta Anna Gimeno Zimmermann alaben berri ez duen ama bat gogoratu nahi du Vazquezek, aitak bi neskatoak bahitu baitzituen Tenerifen.
Ezer baino lehen, Zarautzko Udaleko PSE-EEko zinegotziak "mina eta ulertezintasuna" adierazi ditu gertakari "lazgarri" horiek direla eta, eta bere babesa eta dolumina helarazi dizkie emakume horien senideei eta gertukoei. Are gehiago, "indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat" dela esan du, eta, beraz, "onartezina" dela. Horregatik, uste du ona litzatekeela Zarauzko herritarrak publikoki agertzea indarkeria matxistaren aurka.
Bestalde, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak Emakumeen Etxera joan daitezkeela gogorarazi du Vazquezek, babesa aurkituko dutelako han. Hain zuzen ere, "laguntza eta aholkularitza emango diegu, jasaten dituzten tratu txarrei amaiera eman diezaieten".
Esan gabe doa, Vazquezen arabera, Berdintasun Sailetik "gaitz" hori desagertzeko lanean ari dela, eta besteak beste, udalak ErasoStop aplikazioa duela martxan, indarkeria matxistaren aurkako doako tresna. Alde batetik, emakume batek etxean indarkeria matxista pairatzen badu, aplikazio horri esker, laguntza erraza ez ezik, laguntza azkar eta segurua ere lortzen du. Bestetik, emakume batek kalean eraso bat jasaten badu edo mehatxatuta sentitzen bada ere, aplikazioa erabil dezake.
Horretarako, Vazquezen esanetan, ezinbestekoa da emakumeek ErasoStop aplikazioa deskargatzea. Azaldu duenez, arrisku-egoera baten aurrean, Eraso bat jasaten ari naiz botoia sakatu besterik ez da egin behar. Horrela, udaltzainek kokalekua topatuko dute, geolokalizazioari esker, eta bertara joango dira laguntza ematera.