Zarauzko sozialisten udal-taldeak alkateari proposatu dio Ebro Etxearen eraikina mantentzea eta bertako gazteentzat zuzkidura-apartamentuak egitea bertan, gazteek eskuratzeko moduko alokairuko etxebizitzak izan ditzaten eta belaunaldiarteko (gazte eta adinekoentzako) bizilekuak sortu ahal izan daitezen.
Horrez gain, udaleko PSE-EEren bozeramaileak, Gloria Vazquezek, komunikatu batean adierazi du Zarauzko PSE-EE jada jarri dela harremanetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako zuzendariarekin, Pablo Garcia Astrainekin, proiektua Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Etxebizitza Sailaren laguntzaz sustatu ahal izan dadin.
Bozeramaileak adierazi du ziur dagoela proiektua "aukera" bat dela eta Zarautzek behar duen "aukera" dela, bertako gazteei etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango baitzaie, kontuan hartuta zailtasun handiak dituztela independizatzeko, Zarauzko alokairuen prezio altua dela eta.
"Kezkatuta gaude, ikusten baitugu Zarautz zahartzeko arriskuan dagoela gazteek kanpora joan behar izaten dutelako, ezin dutelako bertako etxebizitzen alokairua ordaindu. Erronka demografiko bat dugu eta aurre egin behar diogu, eta bada Zarauztik alde egitera behartuta dauden bertako gazteen premiei erantzuna emango dieten politikak egiteko garaia", esan du.
Horretarako, alkateari eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzarekin negozia dezan proiektu bateratu hori gauzatzeko aukera, sozialistak jada jarri baitira harremanetan Etxebizitza Sailarekin, eta bertatik jada adierazi baitute Zarauzko sozialistek proposatu duten proiektuaren aldeko iritzia.
Bestalde, Vazquezek esan du erakundearteko lankidetza horri esker, alde batetik, ondare arkitektonikoa mantendu ahal izango dela eta erabilera bideragarria, bateragarria eta eraikinera egokitua emango zaiola. Beste alde batetik, udalak ez du eraikina zaharberritzeko inbertsio handi bat egin beharrik izango, kontuan hartu behar baita une hauetan eraikina egoera txarrean dagoela eta berritzeko premia duela. Horrez gain, higiezinak berez duen zuzkidura-izaerari eustea eta zehazteke dauden beste udal-erabilera batzuekin bateragarria den ekipamendu-erabilera ematea lortuko da.
Azkenik, buruzagi sozialistak esan du proposamenari esker bizi-proiektu bat emango zaiela Zarauzko gazteei eta, aldi berean, etorkizuna herriari. Horrez gainera, buruzagiaren ustez garrantzitsua da iraganeko ondarea mantentzen lagunduko duen ekimena; izan ere, Ebro Etxearen eraikinak balio arkitektoniko handirik ez duen arren, ageriko balio kultural eta historikoa du.