Arraunaren periferiatik

Erabiltzailearen aurpegia Oier Romatet 2024ko uzt. 4a, 10:00

Oier Romatet kolaboratzaileak 2024ko traineru denboraldiari begira Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) arraun gehigarrian idatzitako iritzia: 'Arraunaren periferiatik'.

Lan hau egiteko deia jaso nuenean, zalantza txiki bat sartu zitzaidan hasieran. Nola idatziko dut nik arraunaren inguruko aldizkari bat, elkarren arteko erlazioa hutsala denean? Baina tira, horretan datza kazetaritzak ere.

Gure erlazio horretan hiru kontaktu bestetik ez ditut zenbatu.

Bat. Eskolako garaian bi aldiz joan ginen gorputz hezkuntzako jarduera gisa arraun egitera. Une hartan galdetuz gero esango nizuke oso ondo moldatu ginela, baina argazkiak ikusi berri ditut eta baliteke ezetz.

Bi. Kontxara joan nintzen behin duela urte batzuk. Egia esan behar bada, estropadak ikusi ere ez nituen egin. Momentu hartan baziren interes gehiago pizten zidaten kontuak.

Hiru. Zerbitzaria izan naiz bost urtez. Hasiera batean ez du zerikusirik horrek arraunarekin, baina badu. Batetik, arraunlariei ehunka patata tortilla pintxo eta kafesne (edalontzian) ateratakoa naiz. Bestetik, igande goizetan estropada dezente ikusi eta komentatu behar izan ditut. Estropaden funtzionamendua behintzat ikasi nuen bertan. Askok uste dute gaztetan egindako zerbitzari lanak ez direla curriculum batean jartzeko modukoak, baina pentsatzen dutena baino gauza gehiago ikasten dira bertan.

Eta horiez gain gutxi gehiago nik uste.

Informatu eta ikasi beharra izan dut elkarrizketak prestatu aurretik, eta ez dakit idatzitako guztia ongi idatzita ote dagoen ere, beraz, hala ez bada, barkatu aldez aurretik. Espero dudana da periferiatik etorritako begirada honek adituenoi ere zerbait berria erakustea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide