Erasmus Akreditazioa jaso izanaren errekonozimendua eman dio gaur goizean Hezkuntza Sailak Orokieta Herri Eskolari. Bilbon ospatu den ekitaldian 26 ikastetxek jaso dute errekonozimendu hori, horietatik 3 Lehen Hezkuntzakoek. Orokieta izan da Gipuzkoako LHko eskola bakarra.
Erasmus Akreditazioari esker, 2027 bitartean, ikastetxeak aurkeztuko dituen proiektuetarako finantzazioa bermatuko zaio. Proiektu horiei esker, urtero ikastetxeko zenbait ikaslek eta irakaslek Europako beste ikastetxe batzuekin elkartrukeak egiteko aukera izango dute. Horrez gain, irakasleek formazio ikastaroak egiteko aukera izango dute Europar Batasunak onartutako ikastaroetan.
Ekitaldi berean, egun Lizardin dauden Orokietako bi ikasle ohik 2020an Sizilian egindako egonaldian bizitako esperientzia kontatu dute. "Benetan aprobetxatzeko aukera bat dela" azpimarratu dute "familiekin oso harreman polita bizitzeaz gain, beste herrialde bateko ohiturak eta eskola ezagutzea" ekarri dielako.