Larunbatean, giro bikainean, Triatloi Txikia ospatu genuen Zarauzko Aritzbatalde kiroldegi inguruan. 9 eta 10 urteko 200 parte hartzaile inguru izan genituen eta etxeko txikienek egun batez triatloia probatzeko aukera izan zuten.
10:30ean LH4ko ikasleen proba burutu genuen eta 11:15ean, aldiz, LH3koena. Antolaketari dagokionez, 30 laguneko taldeak osatu genituen eta igeri probarako, berriz, 10 laguneko tandetan atera ziren. Zarauzko La Salle, Salbatore Mitxelena Ikastola, Orokieta Herri Eskola eta Antoniano Ikastetxeaz gain, Orioko Zaragueta Herri Eskola, Getariako Iturzaeta Herri Eskola eta Aiako Lardizabal Herri Eskolako ikasleak ere izan genituen.
Nik Tri Triatloi Taldeko lagunok urtero antolatzen dugu Triatloi Txikia, kirol hau zabaldu eta ezagutzera emateko helburuarekin. Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zineten guztioi, oso goiz polita pasatzeko aukera izan baikenuen. Baita gure Elkartearen hiru babesleei ere, milesker Lukas Ardotegia, KOTAI eta Automoviles Zarautz enpresei, triatloiaz lagun artean gozatzeko aukera emateagatik.
Aurtengoan, gainera, Triatloia Maite Dut egitasmoko kideen laguntza ere izan genuen, gazteen artean triatloia eta euskara sustatzea hauen helburu nagusia izanik, bat egin baitzuten gure ekimenarekin. Horretaz gain, urtean zehar haur eta gazteentzat triatloi udalekuak, topaketak eta probak ere antolatzen dituzte. Ea ba guztion artean triatloilari eta triatloi zale kopurua handitzea lortzen dugun!