Augsburgo bisita jaso du Lizardiko komunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Lizardi institutua 2024ko urr. 22a, 13:00

Augsburgo ikasleak Zarauzko udaletxeko harreran. (Lizardi)

Ostiralera bitartean Zarautzen daude bertako irakasle eta ikasleak, eta aukera izango dute herria eta bertako ohiturak ezagutzeko. Atzo egin zieten harrera udaletxean. 

Orain dela ia hamarkada bat sortutako harremanari jarraika, aurten ere Alemaniako Augsburgo institutuarekin elkartrukea egin dute Lizardiko ikasleek. Hain zuzen ere, ostiralera bitartean Zarautzen daude bertako irakasle eta ikasleak, eta aukera izango dute herria eta bertako ohiturak ezagutzeko. Gainera, Zarautz ezagutzeaz gain, inguruko herrietako txokoak ere bisitatuko dituzte, hala nola Donostia, Getaria, Bilbo eta Mundaka. 

Atzo egin zieten harrera udaletxean Xabier Txurruka alkateak eta Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak, eta opari trukea egiteaz gain, bi ikaslek ere hitz egin zuten bertan. Haien bizimodua azaltzen saiatu ziren, eta gehitu zuten ehungintzaren sektoreak duen garrantzia haien ekonomian, hirigintzan eta gizartean. Lizardikoak, aldiz, martxoan joango dira Augsburgora elkartrukearen bigarren zatia burutzera. 

Helburuak, berberak

Lizardiko arduradunek azaldu dutenez, hasierako helburu nagusia zen ikasleek alemana ikastea, eta helburua ere mantetzen da gaur egun. Hala eta guztiz ere, bestelako xedeak ere baditu egitasmoak, besteak beste, kulturen trukea eta adiskidetasuna sortzea, eta familia eta ikasleei ahalik eta esperientzia aberasgarriena eskaintzea. "Momentuz bide onetik goazela dirudi", gehitu dute. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide