Urteak dira Gabonen atarian La Sallen jai solidarioa ospatzen dutela, eta aurten ere horrelaxe egingo dute, larunbat honetan, hain zuzen ere. Helburu bikoitza du ekimen horrek; alde batetik, ikastetxeko gurasoak elkartzeko topagune bat izatea, "elkarren berri izateko abagunea sortuz"; eta, bestetik, Proyde-Proega fundazioak aukeratzen duen proiektu solidarioetarako dirua biltzea.
Aurtengoan, zehazki, Fratelli proiektua lagunduko du diruz La Sallek. Libanon kokatutako Beirut eta Saidan herrietan bigarren hezkuntza aukera eskaintzea du helburu ekimenak, "Siriako gerratik eta Irakeko erlijio jazarpenetik ihes egiten duten haur errefuxiatuentzat". Gizarte eta hezkuntza zentro moduan definitzen dute proiektua, "ahulenen inklusioa sustatzen duena programa pertsonalizatuen bidez".
Gerraren ondorioz galdutako denbora berreskuratzen saiatzen dira taldeko kideak, "eskola sisteman integratzeko aukera emanda". Gainera, lanbide heziketako aukerak eskaintzen dizkiete bai gazteei eta bai ikasleen amei ere. "Aldi berean, arreta berezia jartzen diegu ama lehen aldiz izan direnei eta haien haurrei, espezializatutako erizainek zuzendutako programa batean artatuta. Horren helburua da haur horiei hazkunde osasuntsua bermatzea", gehitu dute.
Jai solidarioa LH 1. mailako gurasoen eta ikastetxearen esku badago ere, DBH4. mailako ikasleek ere zenbait ekintza egingo dituztela ere jakinarazi dute La Salleko arduradunek. "Talde batek, adibidez, Emaus fundaziorako arropa biltzeko aprobetxatuko du eta beste batek, berriz, festaren hasiera iragartzen duen lasterketa antolatuko du", gehitu dute.
Jarraian larunbateko egitaraua:
- 11:45. Lasterketa solidarioa eskolako futbol zelaian. (Ordu horretan HH 2. maila eta HH 5. maila artekoen lasterketa izango da. 12:00etan LH 1 eta 2. mailakoena; 12:10ean LH 3 eta 4. mailakoena eta 12:20ean LH 5 eta 6. mailatako ikasleena). Dorsalak ostiralean (16:30etatik 17:30era) eta larunbatean (11:00etatik aurrera) eongo dira salgai, euro baten truke.
- 12:00. Kiroldegiaren irekiera (Taberna, txorixo pinxoak eta gozoak; umeentzako eskulan txokoa; aurpegiak margotzeko tartea; bingoa; tonbola, eta Bidezko Merkataritza postuak izango dira ordu horretatik aurrera)
- 13:30. LH 6. mailako ikasleen musika emanaldia.
- 14:00. Festaren amaiera Gabonetako abestiak abestuz.