Hainbat urte dira Familiak Gabonetako giroan elkartzeko helburuarekin La Salle ikastetxeak jaia berezia antolatzen duela, eta, azken urteetan, helburu solidarioa ere izaten du. Aurtengoa bihar eguerdian egingo dute ikastetxean bertan.
Jaiari hasiera emateko, IV.Lasterketa Solidarioa jokatuko dute, esan bezala. Sei kategoriatan banatuta, hainbat luzeratako lasterketak egingo dituzte. Noski, helburua ez da konpetitiboa, kirola eta elkartasuna uztartzea baizik. 12:00etatik 14:00etara, iraungo duen festan, haurrentzako eskulanak eta tailerrak egongo dira aukeran, txistorra pintxoak banatuko dituzte, Gabonetako gozoak eskainiko dituzte eta erosketak egiteko Bidezko Merkataritzako gunea ere izango da. Bitartean, LH 6ko ikasleek, ukelelearen laguntzaz Gabon kantez alaituko dute jaia. Bingorako txartelak ere salgai izango dira eta sari potoloak eskuratzeko aukera. Aurten gainera, Banco de Alimentos erakundearentzat janari-bilketa ere bultzako dute DBH 3ko ikasleek.
Ekimen guzti horietan biltzen den dirua, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez, La Sallek Paraguaiko El Chacon kudeatzen duen San Isidro Labrador Eskolarentzat izango da. El Chaco Hego Amerikako bigarren basorik handiena da, eta munduko baso soiltze tropikalaren tasarik altuenetakoa du. Duela zenbait urtetatik, ingurumen eskolarako proiektu bat ezartzen ari dira, gainera, ingurumena zaintzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Beraz, bildutako dirua biodibertsitatearen galera gelditzeko bideratuko da, eta, bide batez, bertako 6 eta 17 urte bitarteko 300 ikasle eta familiei laguntzeko.
Hori horrela, larunbat eguerdi polita pasatzeko aukera izango dute La Salle Ikastetxera bertaratzen direnek. Ondorioz, hurbiltzeko eta parte hartzeko deia egin du ikastetxeak.