Jai Solidarioa ospatuko dute larunbatean La Salle ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2022ko abe. 13a, 16:15

Jaiaren barruan hainbat ekimen egingo dira, eta bertan biltzen den dirua Togoko Tanbinguera bideratuko dute, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez.

Larunbat eguerdian, La Salle Ikastetxean, azken bi urteetan egiterik izan ez bada ere, ohi bezala, Jai Solidarioa ospatuko dute. Gabon-jakiak, txistorra pintxoak, Bidezko Merkataritzako denda, tailer eta jokoak, musika emanaldia, ginkana, tonbola eta III.Lasteketa Solidarioa. Denetarik izango da. Eta modu batera edo bestera, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntza luzatzeko aukera.

Familiak gabon giroan elkartzeko helburuarekin sortutako jai honek, azken urteetan, helburu solidarioa ere bilatzen du. Jaiari hasiera emateko, III.Lasterketa Solidarioa egingo da. 6 kategoria ezberdinetan banatuta, luzera ezberdinetako lasterketak. Noski, helburua ez da konpetitiboa, kirola eta solidaritatea uztartzea baizik. 12:00etatik 14:00etara, iraungo duen jaian, haurrentzako eskulan eta tailer ezberdinak egongo dira aukeran, txistorra pintxoak banatuko dira, Gabon gozoak ere eskura eta erosketak egiteko Bidezko Merkataritzako gunea. Bitartean, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek bertsoak eta koplak abestuko dituzte eta LH 6ko ikasleek, ukelelearen laguntzaz Gabon kantez alaituko dute jaia. Tonbolarako txartelak ere salgai izango dira eta sari potoloak eskuratzeko aukera.

Ekimen hauekin guztiekin biltzen den dirua, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez, Togoko Tanbinguera bideratuko da. La Salleko Anaiak 40 urte baino gehiago daramatzate eskualdean. Beraien eskoletan, oinarrizko beste zerbitzu batzuk sartzea erabaki zuten, herrixketan beharrezkoak direnak elikadura faltari, gaixotasunei eta eguero urez hornitzeko premiari aurre egiteko. Oinarrizko zerbitzu horien artean, eskolen ondoan putzuak eraikitzea dago, herrixka urez hornitzeko. Putzu horiek eraikita, neskei eskolara joatea eragozten zien kilometroak egiteko lana arintzea lortzen da, baita herrixkako ikasleen eta bizilagunen osasuna hobetzea ere.

Beraz, larunbatean biltzen den dirua, Tanbingueko eskolan ur putzu bat eraikitzeko izango da.

Larunbat eguerdi polita pasatzeko aukera izango da La Salle Ikastetxean. Hurbiltzeko eta parte hartzeko deia luzatzen dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide