Igande betea La Salle Ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2019ko abe. 12a, 12:36

Gabon jaiak gerturatzen ari direla eta, abenduaren 15ean, igandean, azken urteetan arrakasta izan duten bi ekintza bideratuko dituzte La Salle Ikastetxetik.

GOIZEAN MENDI IBILALDIA
Ikastetxeko Txatxarro Gazte Elkarteak eta Izartxo Aisialdi Elkarteak elkar harturik, mendi ibilaldia antolatu dute iganderako, urteari bukaera emanez. Elkano auzora izango da irteera eta bertako frontoian, txistorra bokadiloa izango dute prest hamaiketakoa egiteko. Eta ondoren, Izartxoko begiraleekin jolas ezberdinekin gozatzeko aukera.

ARRATSALDEAN, JAI SOLIDARIOA
Igande arratsaldean, La Salle Ikastetxean, azken urteetan egin bezala, JAI SOLIDARIOA ospatuko dute. Gabon-jakiak, txokolate beroa, Bidezko Merkataritzako denda, tailer eta jokoak, musika emanaldia, pintxo dastaketa, bingo solidarioa eta II.Lasteketa Solidarioa. Denetarik izango da. Eta modu batera edo bestera, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntza luzatzeko aukera.

Familiak gabon giroan elkartzeko helburuarekin sortutako jai honek, azken urteetan, helburu solidarioa ere bilatzen du. Jaiari hasiera emateko, II.Lasterketa Solidarioa egingo da. 6 kategoria ezberdinetan banatuta, luzera ezberdinetako lasterketak. Noski, helburua ez da konpetitiboa, kirola eta solidaritatea uztartzea baizik. Parte hartzeko dortsalak 2€ko kostua izango du eta Proyde-Proegara bideratuko da. 16:30etik 18:30era, iraungo duen jaian, haurrentzako eskulan eta tailer ezberdinak egongo dira aukeran, txokolate beroa banatuko da, Gabon gozoak ere eskura eta erosketak egiteko Bidezko Merkataritzako gunea. Bitartean, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoek Gabon kantez alaituko dute jaia eta LH 5eko ikasleek beraien "Sallechef" proiektuari amaiera emango diete. Bukatzeko, BINGOra jolasteko aukera izango da.

Ekimen guzti hauekin biltzen den dirua, Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez, Guatemalako San Marcos Departamentuan aurrera eramaten ari diren proiekturako izango da. Hezkuntza integralaren bidez, neska eta nerabeen haurdunaldi goiztiarra eta nesken kontrako biolentzia ekiditea du helburu proiektuak.

Bestalde, DBHko 3. mailako ikasleek SEIN irakasgaiaren barne, proiektu solidario bat martxan jartzea zuten helburu. Talde ezberdinetan banatuta, arlo sozial ezberdinetan egin dute lan eta hiru taldeen emaitza larunbateko Jai Solidarioan ikusiko da.

Ikasle talde batek, Emaus Fundazioarekin batera, arropa bilketa burutuko du. Bigarren talde batek, Hotz Zarautz elkartearentzat, oinetako, bitxi eta altzari txikiak bilduko dituzte. Eta hirugarren talde batek, Aspanogi elkartearen pultserak ere salduko dituzte.

Beraz, igande polita pasatzeko aukera izango da La Salle Ikastetxean. Hurbiltzeko eta parte hartzeko deia luzatzen dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide