La Salle asteko jaietan murgilduta dabiltza ikastetxean. Asteartean La Salleren heriotzaren 300. urteurrena ospatuko dute: txikienek herrian, nagusienek, aldiz, Donostian.
Zarauzko La Sallen jai-giroak betetzen ditu bazterrak. Juan Bautista La Sallekoa hil zenetik 300 urte bete dira aurten, eta data gogoangarria delako, ikasturtea ekitaldiz josia izan badute ere, hilaren 14ean Gipuzkoako La Salle ikastetxeetako ikasle askok eta askok ospakizun berezia izango dute. Egun hauetan Olinpiadetan gorri, txuri, berde eta urdinak ari dira lehian, baina baita elkarrekin kantuan eta dantzan… Eta dagoeneko, kristau hezitzaileen zaindari ezezik, hezkuntza alorretako langile ororen zaindari izendatua izan zen gizon santu hura ikaskide ere bilakatu dute, geletan, garai bateko irudia gaurkotuz -tuneatuz, nahi bada-: Gizonezko zintzo hari hautsak astindu eta haien konplize bilakatu dute, tenperen kolore bizitan, irribartsu. Horixe da JuanBa, aspaldikotik, etorkizunera, bide horren lekuko, ametsak egia bilakatzeko gogotsu elkarlanean jarduten irakatsi zuen Juan Bautista La Sallekoa. Hezkuntza horixe delako: begiak zabalik, amets egiten ikastea.