Datozen egunotan Zarauzko espaloietan oinatz markak topatzen badituzu, izan lasai. Ez da Udalak antolatutako pista-joko berri bat, ez eta performance kultural bitxi bat ere… Pedibusaren ibilbidea zehazten duten seinale dira oinatz horiek, La Salle Ikastetxerako ibilbidea lagun artean egiteko modu aparta.
Ikastetxeko helduenek aspalditik egiten dute eskolara bidea elkarrekin, eta lagun artean ez ezik, lagunduta ere egiten dute ibilbidea. Hala, edozer gerta ere, lagunduta joatean berriak berehala iristen dira edonora, baina hori baino garrantzitsuago, ezer gertatzeko aukerak ikaragarri murrizten direla azpimarratu nahi du Pedibusak, banakako oinezkoaren aurrean, taldean doanak bestelako segurtasuna duelako.
Ikasleen etxeetatik Ikastetxerainoko bideak jasotzen dituzten ibilbideak zehaztu eta metro-sarearen antzekoa antolatu dute La Sallen, geltoki guneak zehaztu eta ordutegiak ere markatuz (hemen MAPA ikusgai). Hortik aurrera, erraza da Pedibusaren ezaugarriak ondorioztatzea. Ikasle bakoitzak sare horretan bere haria zein den ikusi, dagokion geltokira adostutako unean gerturatu, eta une horretatik aurrerako ibilbidea bere ikaskide eta lagunekin batean jarraituko du.
Zaharrenek txikienak zainduko dituzte, baina, hori baino gehiago, eredu bilakatzen diren unean, arduratsuago ere ibiliko direla pentsatzekoa da, Bide Heziketan teoria gisa ikasi dutena ezinbestean beteaz. Idatzi honen bidez, kotutoretza lan honek Zarauzko kaleak oinezko gaztez beteko dituela jakinarazi nahi dizuegu.
Kasu! Pedibusa bidean da!
Merkea, ekologikoa, osasungarria…. eta bizia!