Elkartrukea Bordeleko ikasleekin

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2017ko mar. 13a, 22:55

Martxoaren 11-18 bitartean, astebete Bordelen, Paris txikia deitzen duten horretan. Zarauzko La Salle Ikastetxeko 3. eta 4. mailetako frantseseko ikasleek, orain arte amets zutena egia bilakatzen ikusi dute aurten, haientzako “correspondat” zena, gutunetatik haratago, lagun bilakatzeko aukera izan dutelako.

La Salle Sarea osatzen duten hariak baliatuz, ehun berria sortu nahi izan dute zarauztarrek Bordeleko Saint - Genèse Ikastetxearekin, eta, hala, bi astetarako egonaldia antolatu dute, lehena Bordelen bertan, eta bigarrena, berriz, maiatza aldera, Zarautzen.

Ikastetxe handia du La Sallek Bordelen, eta hiriaz gain, ikastetxea eta bertako bizitza ere ezagutzen ari dira  ikasleak, eskola ordu ugari eman baitituzte geletan, haien lagun berriekin batean. Horretaz gain, ostra portu bat eta ostren museoa bisitatuko dituzte La Rochen, hegaztientzako biotopo garrantzitsua den Pylako duna ezagutuko dute, eta ardoengatik ospetsu den Saint Émilion herri ederrean ere izango dira. Frantzian hain ezagun diren macaron koloretsu bezain gozoak egiten ikasteko tailerra ere burutuko dute… Eta hori guztia frantsesa, gaztelera eta baita ingelesa bera ere nahasiz, eleaniztasunean hezitzeak edonora joanda ere komunikatzeko estrategiak garatzen laguntzen baitie ikasleei, eta hori baita, hain zuzen, halako esperientziekin bultzatu nahi dena.

Familiatan hartu dituzte ikasleak, eta lehen eguneko barre urduriak lagun bilakatu dira egunotan, eta poza, bai baitakite aurrerantzean sare sozialak baliatuz harremanetan jarraituko dutela, urduri, maiatzean berriz elkarrekin egoteko aukera izan arte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide