Gazako azken sarraskiak hilabete bete du gaur. 10.000 hildako eta milioitik gora desplazamendu eragin ditu jada Israelen politika genozidak, eta komunikazioak zein oinarrizko hornidurak etenda daude. Umeen garrasiak, erabat suntsitutako hiriak, fosforo zuriz eta bonben leherketez baino argitzen ez diren gauak, palestinarrek pairatzen duten muturreko biolentziaren erakusle dira.
NATOren kide diren estatuek, beren interes ekonomiko eta geopolitikoei jarraiki, Israelen “defendatzeko eskubidea" babestu dute irmoki, eta gutxienez 75 urte dituen Palestinaren okupazio eta apartheid egoera berariaz ahaztu. Ez da harritzekoa, europar estatuak egoera honen erantzule zuzenak baitira: PSOEren Espainiako gobernuak, esaterako, 40 milioi €-ko balioa duen gerra-materiala bidaltzea baimendu du azken legealdian.
Ez da, ordea, Brusela edo Madrileraino joan beharrik konplize bila. Euskal Herrian zenbait enpresek akordio komertzialak dituzte estatu sionistarekin. Euskal alderdi guztietako ordezkariek, berriz, sarraskiaren erantzuleen aurkako azken asteotako protesta ekintzak salatu dituzte. Ezkerreko alderdiei dagokienez, su-etenerako eta elkarrizketa bidezko konponbide politikorako deia nagusitu da, nazioarteko zuzenbidea oinarri hartuta. Diskurtso horrek, ordea, zapaldu eta zapaltzaileak parekatzeaz eta palestinarren erresistentzia kriminalizatzeaz gain, bide-orri antzu bat proposatzen du: hamarkadak dira Israelek akordioak urratzen dituela eta negoziazioei muzin egiten diela.
Bakerako dei abstraktu horiek, gainera, gustu txarreko broma bat dirudite Espainiako gobernuaren alde bozkatzen duten alderdien aldetik. Ez du balio Palestinari elkartasuna adierazi eta sarraskia gelditzeko eskatzeak PSOEren gobernua sostengatzen den aldi berean, PSOE sarraskiaren konplize erabatekoa baita.
Hipokrisia horren guztiaren aurrean, egoeraren larritasunak oinarri etiko eta politiko sendoen baitan mobilizatzea galdegiten du. Horregatik, larunbat honetan, azaroak 11, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Hendaian egingo dituen mobilizazioetara batzeko deia egiten dugu, honakoa aldarrikatzeko: Estatu sionistaren eta bere politika genozidaren desegitea, NATOren gobernuen eta beren sostengu direnen erantzukizuna eta palestinarren erresistentziari babesa zein elkartasuna.