Jalgi Dantza Taldearen aurkezpen ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Jalgi Dantza Taldea 2018ko eka. 18a, 20:00

Jalgi Dantza Taldeak, ekainero bezala, 2018ko aurkezpen emanaldia eskaini zuen joan den larunbat arratsaldean Iñurritzako zelaian. Haur, gazte eta heldu, ehun dantzaritik gora agertu ginen jendearen aurrean, urtean zehar ateratako izerdiak alferrik ez direla erakusteko asmoz.

Agintariena, Agurra, Gorulari dantza, Uztai dantza eta Brokel dantza, Txapeleoa, La pilindros, Maltzeta, Txakolin dantza, Uztai handi dantza, Zuberoako makil dantza, Txantxoa, Fandangoa, Arin-arina, Zuberoako maskaradak, eta Imotzeko esku dantza: gozatu ederra hartu genuen dantzari guztiok, eta baita, hala espero dugu, ikustera joan zinetenok ere. Mila esker benetan denoi, zuen txalo eta animoengatik!!!

Eskerrak ematen hasita, jakina, aipa dezagun Jalgiko dantzari guztien irakaslea den Izaskun Iturri. Zuri esker dira, Izaskun, ongi egindako dantza urrats guztiak. Hain ongi egiten ez ditugunak, zaude lasai, datorren urtean hobetuko ditugu zuri esker!

Azkenik, aipamen berezia egin nahi diegu aurten lehen aldiz jendearen aurrean dantza egitera atera diren helduen ikastaroetako ikasleei. Lehena izan da, baina, ziur gaude, ez azkena. Animo eta mila esker zuei ere!!!

Halako emanaldiek, halako egun ederrek, dantza ikasten eta egiten jarraitzeko grina hauspotu besterik ez digute egiten. Datorren urtean, gehiago eta hobeto!

Jalgi denok dantzara!!!

Argazkiak: Haritz Azkue

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide