COVID-19, nola azaldu haur eta nerabeei egoera aldakor hau

Egoera berezi honetan, aldaketa asko emateaz gain errutinak hankaz gora jarri dira, eta honek eragin zuzena du guregan eta bereziki haur eta nerabeengan. Dagoeneko astetxoa pasa dugu etxean eta ziurrenik azaldu diegu haurrei zer gertatzen den, hala ere, egoera aldakorra da, oso aldakorra eta egunez egun berriak aldatzen doaz eta baita neurriak ere, orduan zer esan behar diegu gure haurre eta nerabeei? nola egin dezakegu beraien barrena lasaitzeko? zer da beraiek behar dutena?

Haurrek segurtasuna behar dute, segurtasuna eta maitasuna; nerabeek honetaz gain berdinekin kontaktu soziala beharrezkoa dute (birtuala kasu). Beraz, faktore hauek trasmititzeko gai bagara, asko egiten ari gara. Argi dago haur eta nerabe bakoitza ezberdina dela eta adina ere kontutan hartu behar dugula, horregatik gure seme-alaba edo etxean dugun adin txikikoa zaintzeko zenbait argibide proposatzen dizkizut: 


Orokorrak


-Gezurrik ez. Haurren zein nerabeen segurtasun psikologikoa arriskuan jartzen dugu gezurrekin eta sortzen duen kaltea ustezkoa baina handiagoa izan daiteke. Ez baldin badakigu erantzuten egokiagoa da hau esatea, ez dakigula eta saiatuko garela erantzun bat bilatzen. 

-Gaiaz hitz egitea. Disponibilitatea agertu behar dugu, gaia haur edo nerabeak nahi duenean hitz egiteko aukera dagoela plazaratu, ondoren beraien esku utzi. Tabuek ez dute beldurra besterik elikatzen. 

-Gure emozioak adierazi, haurraren segurtasuna beti kontuan hartuz. Sentitzen ditugun emozioak adieraztea positiboa da haurrek zen nerabeek ere hau egin dezaten, hala ere, beti eman behar diegu segurtasun tartea, beraiek ez dute ulertu behar guk kontrola galtzen dugula, helduak gu gara eta beraien segurtasun emozionala gurean islatzen dela kontuan izan behar dugu. Beraz, emozioak gainditzen bagaituzte beste heldu batekin hitz egin hau, erregulatu ahal izateko.

-Denbora eskain haur eta nerabeei. Ordu asko ditugu orain gure txikiekin egoteko, erakutsi interesa honetan, eta kalitatezko tarteak sortu beraiekin egoteko, ez dezatela kargazko bizipenik eduki, beraiek ez dute gertaera honen ardurarik, beraientzako ere ez da erraza. 

-Teknologiak, telebista eta pantailak. Erabilpen arduratsua egin. Larrialdi egoeran pantailen erabilpena handituko da, hala ere, ez dezatela egun osoan protagonismoa hartu, etxeko errutina eta pantailatik at-eko hartu emanek errealitatearekin kontaktua mantetzea ahalbideratuko dute, eta hau beharrezkoa da. 

-Ardurak banatu. Etxeko errutinetan ardurak eman, zereginak izan ditzaten, egoeraren parte izatearen bizipena izango dute eta laguntza ematen dutela ikusteak beraien autoestimuan positiboki eragingo du. 

-Aspertzea ez da txarra. Momentu hona da haurrek frustazioa lantzeko, aspertzea ez da txarra, alderantziz positiboa da. Haurren zein nerabeen sormena handitu egiten da horrelako egoeretan, askotan helduok mozte dugu hau gure frustrazioa dela eta. 

-Heriotzaz hitz egiten badute, ez beldurtu. Heriotzari buruzko galdera asko agertuko dira, eta naturala da, haurrek jakin nahi dute eta egunerokotasunean ikusten dugun zerbait den arren, egun hauetan oso presente dago. Horregatik utzi haurrei honetaz hitz egiten, dauzkaten galderak plazaratzen, eta argi adierazi birus honek ez dituela haurren heriotzak sortzen eta pertsona oso helduei eragiten diela. Aitona-amonetaz hitz egiten badute azaldu etxean hartu dituzuen neurriak beraiek zaintzeko eta guztion artean egin dezakezuena. 


Adinez-adin

-0-2 urte artean:
errutina behar dute, gertutasuna eta beraien erreferentziazko helduen ongizatea. 
-2-5 urte: ipuinak eta metaforak erabiltzeko adin aproposa da, eskulan bitartez ere beraien emozioak irudikatzera gonbidatu ditzakegu. Oraindik ez dute ulertzen heriotzaren betikotasuna, baina honek ez du esan nahi ezin diogula honetaz hitz egin, positiboa da honetaz hitz egitea detaile handiegirik gabe. 
-6-9 urte: fantasia eta errealitatea bereizteko gai dira, eta heriotza kontzeptualizatzeaz gain ulertzen dute honen betikotasuna, beraz adin honetan bereziki garrantzitsua da dituzten galderak erantzutea, egia esaten, kulpa sentimenduak adin tarte honetan pizten baitira. Ipuin eta metaforen erabilpena ere erabilgarri izan daitezke. 
-10-13 urte: etorkizunera begiratzeko gaitasuna garatu da iada, adin tarte honetan garrantzitsuena disponible agertzea da, eta espazioak errespetatzea, beraien berdinekin hitz egiteko aukerak baimentzea (orain, telefonoa, interneta...). 
-Nerabeak: ia ia helduen ulerkortasun maila dute, baina emozionalki ez daude orekan, horregatik konfiantza behar dute, eta bakarkako espazioak. Nerabeak sozializazioa behar du, baita etxean espazio zein rola finkatzea. Etxeko erabakien parte egin, hitz egiteko tarteak sortu eta beraien iritziak kontuan hartu. Honetaz gain, heriotza propioaren kontzientzia handia dute, baita inguruko helduena ere, gaia hitz egiteko beharra adierazten badute prest agertzen den guraso edo helduarekin tartea eskaini. 


Kontutan hartu: jarrera regresiboak (dagoeneko gainditutako gauzak egiten hasten badira berriz: kaka ohean, pisa gainean, jateko ematen eskatu...), jarrera agresiboak, jarrera barnerakoiak (depresio sintomak)... Horrelako larritasun egoera batean batzuetan haur eta nerabe batzuk desregulatu daitezke, ez da espero dena, hala ere, garranzitsua da honetan kontzientzia hartu eta jakitea. Horrelakoren bat suertatzen bada laguntza espezializatua bilatu. 

*Garrantzitsua da aipatzea pertsona guztiak ezberdinak garela, eta haur eta nerabeak nola ez, baita, horregatik aipatzen diren adin tarteak gida bat dira, ez zerbait finkoa, haur bakoitzaren berezitasunak kontutan hartu behar dira beti. 




Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide