Umetan Arantzeta izan nahi nuen, edo Eperzelaite, Koostite, Urreta, Odria, Trekusaletxe edo holakoren bat. Eta ez nintzen ezer. Izen-deitura ofizial lehor batzuk bakarrik neuzkan.
Mundua Azpeitia zenean eta ez besterik, ni Artzubiko (eta gero Paulosestoko) kale-etxe trixte bateko umea nintzen, eta hori gutxitxo zen orduan neretzat, zeren jende askok baserria baitzeukan, aitaren edo amaren jaiotetxea, edo attitte-amamana, eta nik baterez. Moztade haundia zen hori, sinistuta bainengoen paradisua zela baserria. Nik uste nuen baserrian bizitzea zela etxe-etxe batean bizitzea, mendian, libre, eta hango eginkizun nagusia zela zaldi-gainean ibiltzea eta gosetutakoan arbolatik sagarra hartu eta jatea.
Baserritarrak ni baino gehiago zirela sentitzen nuen garbi-garbi. Indarrez gehiago ziren, eta ausartagoak ere baziren jeneralean. Hizketa pixkat diferentea egiten zuten, eta S sendo bat ahoskatzen zuten askok, Azpeitiko kale-umeok ez bezalako dotoreziarekin. Animalien berri bazekiten, eta, hedaduraz, giza-animalien gauza ezkutu askotxoren berri ere bai; txoriak eta arbolak ere ederki ezagutzen zituzten, eta batzuek usaina ere izaten zuten guk ez bezalakoa, eta neri usain hura biziaren usaina zela iruditzen zitzaidan. Maite nuen baserriko giza-piura haien artean sentitzea, haien mendi-kolore eder hura begiztatzea, haien oihu bero haiek aditzea... bereziki hilaren hirugarren asteazkeneko perian eta plazatoroseko apustuetan, aizkora eta harri-jasotzekoetan.
Jende txepela ginen haien aldean, bai. Jende heziegia eta irendua bezala. Gero jakin nuen baserritarrak ez direla medikuarengana edo eskolara etorri kalera ia oraintsu arte; beren arteko konpondu-ezinak ez zituztela garbitzen justiziaren administrazioan, baizik-eta borrokan eta apusturen baten bitartez; ez zirela erlojuaren mendean bizi eta ez zituela denborak estutzen gu bezala, eta beste patxara batekin bizi zirela, lehengoak behintzat, eta hargatik zeukatela —eta daukatela— baserritar askok hitzordura ordu-erdi bat lehenagotik iristeko ohitura. Estutzekotan, eguraldiak estutzen zituen, hori bai, baina hori ez da egon sekula gizakiaren esku.
Nik baserritarra izan nahi nuen, beraz, baina denborarekin ohartu naiz baserritar guztiek ez zutela baserritar izan nahi. Nik neure ustez falta nuena sobran zutela haietako askok, alegia. Eta bizitzak erakutsi dit gutxiesteko premia neurrigabea daukala gizakiak, eta gehienbat gizaki motz eta eskasak, eta bere burua oso goitik azaldu nahi baina barrutik oso motz sentitzen diren haiexek nabarmentzen direla baserritarrak gutxiesten eta burlaizean tratatzen. Baserritarrak dira aproposenak horretarako, zeren gutxiago baitira eta ez baitira herri haundietako eta hirietako txepelkeria standardean errenditzen. Herrietako plaza eta erdikaleetatik baserritarra etorkin pobreen pare tratatu izan da maiz, nahiz-eta aldi berean, egun seinalatuetan, «baserritar jantzian» jatorrismo edo gutarrismo autentiko bat antzezteko eragozpenik ez izan.
Eta baserritarren ahotik ikasi dut haietako askok ezkutatu egin behar izan dutela non jaio ziren; demostratu egin behar izan dutela ez zirela ezjakinak, baldarrak, zakarrak, atzeratuak eta zikinak; ikastolan bertan burlaz tratatu izan dituztela maisu eta andereñoek... eta holaxe, aizue. Tokitan ari da gelditzen nere txikitako paradisu hura!
Bizimodutik ikuskizunera etorririk, badakigu oraindik ere baserritar argi gozo sentiberarik ez dela hola-ta-hola onartzen pantalletan eta oholtzetan, ez baitu nonbait horrek asko saltzen, eta oraindik orain ikusi behar izan dugu Amama pelikula nolabaiteko horretan espartzua baino lehorragoko baserritar zaharra dela kontakizunaren oinarrian dagoena. Nola ez ba?
Eta hala ere, edo esandako gauza hauengatik berengatik, oraindik bizirik dago nigan umetako paradisu hura, ametsetako baserri hura, eta nik zinez nahi nukeena da gure herri eta hirietako giro txepel, hil eta zikiratutik betiko ihes egin, eta txepelkeria hori ezkutatu nahi lukeen superguaikeria eguneratu hau zeharo baztertu, eta Attitte izenako lukeen pelikula batean sartu eta Inixio Segurola bihurtu atzera berriz Atzerrekako Arlizetan, eta gorago eta gorago joan Atxumarriya eta Igateko noizbaiteko ahaideen artera, gure umetako munduaren akaberaraino beraz, munduko plaza eta erdikaleetatik urruti.
Alferrik ari naiz. Baserritarra izan nahi nuen eta basiritarra besterik ezin naiteke izan.