Iñaki Segurola, 'Puntuka': "Hirunaka hiltzen gara Lasaon"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2015ko ira. 24a, 12:00

 

 

Zergatik gureak? Zertan zegoen harri itsu hura bide-bazterrean? Zeinek asmatu zituen Zestoako amabirjin puta horren festak? Eta gau oso-osoa zurrutean pasa beharra? Zer egin dugu gaizki? Zer egin zuten gaizki? Eta abar.

 

Erantzunik ez duten galderak dira, eta barruko mina gaiztotzea besterik ez dute egiten. Beharbada beste galdera batzuk dira egin beharrekoak. Adibidez: noizkoa da abiaduraren eromen edo laineza hau? Eromena, laineza, autismoa edo autoaren adorazio edo erlijioa. Zertaz ari garen ederki dakigu rallyen paradisua dirudien Azpeiti honetan.

 

Gure aiton-amonen ibilerak datozkit gogora. Festatik etxerako ibili haiek, neska-laguntzeak eta abarrak; irriak, zirriak eta gainerakoak. Emanber festa bera baino ederragoak eta interesgarriagoak zirela ondorengo ibilera haiek. Eta orduan ez zen denborarik kontatzen: zertan kontatu, bukatzeko presarik ez bazegoen? Ez denborarik kontatzen zen eta ez abiadurarik. Ez ziren bizi ez erlojuaren kontra eta ez erlojuaren alde. Festatik etxerakoan ez zen inor hiltzen. Beste eromen batzuk izango ziren orduan, baina ez oraingo eromen hau.

 

Bestelako kontuak etorri ziren gero. Autoaren autismoa etorri zen: autoak ematen duen askatasuna, dinamismoa, potentzia, aukera eta abar polit zikin-estali bat. Eta sinetsarazi ziguten berezkoa zuela gizonak hori, eta gizonaren berezko egarri hori berdintzera etorri zela autoa mundura. Eta gizona diot apropos, zeren hau gizonezkoen gauza baita gehienbat, oraingoz behintzat.

 

Eta gaur hemen esan nahi dudana da ez dela hori hola. Ez dela gauza naturala eta berezkoa, eta goitik sartutako laineza bat dela hau dena. Kapitalak eta estatuak elkar hartuta bideratu zela. Injinerutza soziala esaten zaion klaseko operazio batetik datorrela. Hona nola: 1950 inguruan, Ameriketako toki askotan, General Motors, Firestone Tire edo Standard Oil bezalako konpainiek, estatuaren bedeinkazio erdi-ilegalarekin, garraio publikoko sistema osoa erosi eta suntsitu egin zuten, jendeak beren produktuak –auto, kamioi, errobera eta erregai-- erosi beharra izan zezan. Orduz geroztik garraioa autora bideratu zen nagusiki, eta abiadurara, eta herio batean bizitzera.

 

Aurrerapenaren legea badakigu zer den: makina batek zerbait egin badezake, egin egingo da. Auto bat 200dik gorako abiaduran ibili badaiteke, ibili egingo da, eta gara. Eta inork uste baino lehenago iritsiko gara helmugara eta atsedenera, eta baita, zorigaitzik gaitzenean, Abitaingo helmuga eta atseden perfektura ere. Aurrerapenak biktima kopuru jakin bat dakar berekin; kopuru mugatua da, baina segurua eta hutsik egiten ez duena. Kopurua mugatua izateak honako hau pentsarazten digu geure barrunbean: norbaiti tokatuko zaio, baina ez neri, zeren neri tokatzeko probabilitatea oso txikia baita: horra zein engainagarriak eta gaiztoak izan litezkeen numeroak ere.

 

Hau guztia, beraz, politika jakin batek gure bizian sartutako gaitz batetik dator. Eta orduan, heriotza hauek politikoak baldin badira, edo zuztar politikoak baldin badituzte bederen, zeinen kontra egin behar da protesta? Nori begira atera behar da barruko tristura beltza?

 

Ez daukat erantzunik, baina segitzen dut zuztarrak seinalatzen, eta Euskal Hiria izeneko ideia txorogaiztoa da beste horietako bat, sistemaren adar kulturalak asmatua. Euskal Hiriaren ipuinaren arabera, ez gara herrietan eta hirietan bizi, baizik-eta hiri bakar batean bezala, hiri bakar baten auzoetan bezala bizi gara, eta orduan batetik bestera ibiltzea, auzo batetik bestera joatea bezala da, eta noiznahi egon gaitezke nonahi, esate baterako, eta hori abiadura hilgarri baten bitartez bakarrik lor daiteke, jakina.

 

Nik ere badut neure hildakoa Lasaon. Hogeitaka urte joan dira, baina berdin dio. Orduan ere hiru izan ziren bidean hilak. Eta badirudi Lasaoko hildakoak berberak direla denak; orduko haiek, oraingo hauek eta tarteko guztiak. Abiadura haundiko atarramentu txar batek berdintzen bide ditu.

 

Letrazko oihuak eta protestak oso gauza putzak dira, baina halaxe bukatuko dut, nora begiratu ez dakidala, eta zeinen belarrira ari naizen ere ez dakidala:

 

Kauenlaostiaputa! Hirunaka hiltzen gaituzue Lasaon!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide