Kantabriako eta Galiziako tramiteak pasatuta

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2024ko uzt. 23a, 10:00

ZAEren ETE ligako trainerua Sestaoko uretan jokatutako estropadan. (Iker Larrañaga)

Traineru denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko diete Gukari Leire Arrojeria eta Iñaki Aristi arraunlariek. Honakoa Aristik idatzitakoa da.

Asteburuan ETE-KAE ligak izan ziren jokoan Pedreñako (Espainia) uretan edo hondarretan. Enbatako neskek goraka doazenaren sentsazioa errealitate bihurtu dute; bigarren postua eskuratu zuten eta bandera hamar segundora geratu zitzaien. Abuztua gerturatzearekin batera, sorpresaren bat emateko gai ikusten ditut. Zumaiako neskei dagokienez, ez zuten orain arteko estropada onena egin, eta laugarren amaitu zuten, lidertza Astillerok eskuratuz. KAE ligan, Santurtzik irabazi zuen bigarren txandan aritu ziren zarauztarrak. Urdinek aise hartu zioten aurrea etxeko taldeari, eta ikuskizun polita erakutsi zuten hiruren arteko lehia tarteko. Telmo Deuneko mutilek, estropada txukuna eginda, bigarren postua lortu zuten. Azkenaldian haserre samar omen dabiltza, eta ea asteburuko emaitzarekin zertxobait lasaitzen diren.

TKEri dagokionez, emakumezkoetan, Arraun Lagunak beste martxa batean dabil. Larunbatean Orio eta Tolosa lehiakor ibili ziren, eta momentu batzuetan Arraun Lagunaki branka aterako ziela ematen zuen arren, lehenengo lekuan daudenek indarrez parekorik ez dutela nabarmen geratzen ari da.

Gizonezkoetan, ustekabea Hondarribiak eman zuen, larunbatean hamargarren postua eskuratuta. Oriok ohorezko txandan lehiakor jarraitzen du; dena den, estropada aurrera joaten den heinean, igartzen da Bermeo eta Zierbena koska bat gorago daudela oraingoz. Getaria, berriz, bigarren txandan egonkortuta dagoen arren, asteburu honetan ez du lortu txanda lehiatzea eta ohitu gaituen maila erakustea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide