Kontua ez da soilik Lidlek barruko errotulazioa euskaraz jarriko duen

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Epelde 2024ko urr. 16a, 12:00

.

18 urte nituen Zarautzen Maxia zabaldu zutenean. Akordatzen zarete? Batzuk betidanik ezagutuko zenuten Eroski handia, jaiotzetik beretik, baina Maxi ere ez da betidanik egon.

Ordura arte, tarteka joaten ginen Prycara, Oiartzuna. Edo Mamut zen? Ez zen sinestekoa hango produktu kantitate eta dimentsioa ume baten begi eta altueratik. Erosketak, artean, etxepeko dendan egiten genituen, Ortensiarenean, Azken Portu goian, edo Portu Berrin bestela, orain, Aliprox deitzen dioten horretan. Arraina arraindegian erosten zen, lokarriak drogerian, eta zapatak zapata-dendan.

Gogoratzen dut garai buelta horretan, Maxi zabaldu zuten horretan, hasi ginela jaten pizzak lehenengo aldiz. 18 urterekin edo. Eta konbentzituta geunden, hemen jateari garrantzia handia ematen geniola eta inoiz ez zuela Euskal Herrian McDonalds batek funtzionatuko.

Mercadona eta Lidl zabalduko dituzte laster. Askok berri pozgarritzat dute Eroskiren monopolioa amaituko delako, bazen garaia bat sumatu dut askorengan, konpetentzia bihozgabeak abantailak ekarriko balizkigu bezala. Herria, ordea, kalea, lehen baino tristeago geratuko zaigu, komertziorik gabe: janari prestatua denda handietan erosten amaituko dugu, arraina plastikoan bilduta ekartzen Mercadonatik, kaleko harategiek eta arrandegiek beltza dute etorkizuna. Dagoeneko itxi dira asko. Itxiko dira laster gehiago.

Aurrerantzean, kaleko erosketetan elkartu beharrean, autoan aterako gara eraikin berri isolatuetako parkinetik eta merkatuetako parkinera joango, inor gurutzatu behar izan gabe. Promozioz betetako korridore distiratsuetan elkartuko gara eta mintzatuko gara batek zein tirita eta krema merke eta eraginkorrak dituen, eta, besteak zein esneki gozo eta merkeak. Jakin gabe, inporta gabe, nondik datozen produktu horiek, zein baldintzatan ekoiztu dituzten; ohartu gabe zenbateraino edukiko gaituzten preso euren prezioetara eta presioetara.

Zarautz herri jasangarria dela jartzen dugu ibilgailu publikoetan. Baina hori ez da km 0 kontsumitzea, hori ez da lurra errespetuz lantzea, hori ez da herriko bizitza eta nortasuna sustatzea. Esaidazue, zenbat zoriontsuago izango gara Mercadona eta Lidlekin? %10? Prezio merkeagoa ordainduko dugu jogurtetan, baina zenbat irabaziko dugu ongizatean? Zenbat euskaldunagoa izango da gure herria komertzio erraldoiekin? Aditu guztiek diote gurea bezalako hizkuntzen biziraupena komunitatea elikatzean eta indartzean dagoela, kalea indartzean alegia. Hizkuntza txikien borrokak uniformazioaren aurkakoa izan behar duela, aniztasunaren aldekoa; bizikidetzaren aldekoa.

Iruditzen zait komertzio berri handi horiekin egin beharko genukeenaren kontrakoa egingo dela. Kontua ez da soilik Lidlek barruko errotulazioa euskaraz jarriko duen. Kontua ez da soilik Mercadonan Zuberoako alpargatak salduko dituzten. Kontua da bizi eredua: kaleak husten badira, nola funtzionatuko du herriak? Nola biziraungo hizkuntzak? Non biziko da euskara kalerik ez badago?

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide