Tapatu belarriak Zarauzko damari: Los 40 dator (berriz)!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Epelde 2024ko abu. 1a, 14:00

Lagun azpeitiar batekin hizketan, esan zidan gurasoek Zarautzen ezagutu zutela elkar: aita azpeitiarra du, Otxandiokoa ama. Zarautza etortzen ziren biak igande arratsaldeetako musika emanaldietara. Eta haiek bezala beste asko. Gure gurasoek ere han ezagutu zuten elkar: zarauztarra aita, usurbildarra ama. Euskaldun jende pilo batekin, frankismoak frankismo, euskal giro ederra izaten omen zen Musika Plazan; makina bat bikote eman ditu gure herriko kioskoak.

 

Lehen ez bezala, orain, euskal giroa sortu egin behar da, programatu. Eta guk Los 40 principales ekartzen dugu Zarautza, erdaraz hizketan ikasten segi dezagun. Los 40 beti izan da niretzat arrotza: hitz erdirik ez euskaraz, segundu bakar bat ere ez euskarazko musikari. Made in Spain %100. Plazarik eta bistarik ederrenak eskainiko dizkiogu guk, tren ordutegiak malgutuko ditugu ahalik eta jende gehien etorri dadin. Galdera da: zer ekarpen egiten dio horrek gure herriari? Zer onura gure nortasunari? Nola ulertzen da UEMAko herri bat Los 40 ekartzen? Nahikoa gauza inposatzen dizkigute epaitegietatik-eta, gure teilatuari harrika aritzeko. Zer nezesidade!

 

Jakina da euskarazko kulturari entzulea, irakurlea, ikuslea falta zaiola. Jakina da euskaraz sortzen den kultura ezagutu ere ez dela egiten; jakina da euskarazko kultura kontsumitzeak ahalegina eskatzen duela. Erdaretakoak berez sartzen zaizkigu begi-belarrietatik Spotifytik, irratietatik, sareetatik... Jakina da euskarazko sortzaileen egoera prekarioa. Jakina da horrelako ekitaldi batek etorkizuneko sortzaileen erabakiak baldintzatu ditzakeela: zergatik eta zertarako kantatu euskaraz, erdaraz malekoia jarri eta tren ordutegiak egokituko badizkidate eta nire letrak jende gehiagok abestuko baditu?

 

Tristura, harridura eta amorrazioa sortu dizkit Los 40 summer live herrira ekartzeak. Besteak beste, garai batean, plazako kiosko ondoan bikoteak eta familiak sortu ziren bezala, sortu daitezkeelako orain malekoi arrotzean. Norbait errukituta ausartzen bada, trapu batekin edo, tapatu diezazkiola belarriak dama gaixoari!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide