arbi-lore. 1) iz. Arbiaren lorea, arbi-gara. 2) adj. Ergela, zirt edo zart egiteko kemenik edo ganorarik ez duen pertsona. 3) adj. Alferra.
Arbi-lorea edo arbi-gara arbiari udaberrian ateratzen zaion makila loratua da. Galiziatik etorritako ohitura omen da arbi-lore freskoak egosita edo albardatu eta frijituta jatea, han ohitura baita horretarako (grelos ospetsuak dira arbi-garak). Arbiak udaberrian loratzen dira, Pazko garaian, eta Pazkoari egiten dio erreferentzia hainbatetan; arbi-loreen garaian konfesatzea Pazkoakoa egitea da (lehen urtean behin, behintzat, Pazko garaian, konfesatzea ezinbestekoa zen). Norbait erabat alferra dela adierazteko dauden mila eraren artean bat hauxe da: arbi-lorea baino alferragoa haiz! Norbait kokildurik dagoenean, zerbaiti ekiteko kemenik gabe, ergelduta, esaten zaio: ez hadi arbi-lorea izan! (egizak hau, hori edo bestea…).